Xabi Antxia: "Gizarteak, batez ere gazteek, arrakasta ulertzeko duten erak ez du laguntzen gure hizkuntza indartzen".

Xabi Antxia: "Gizarteak, batez ere gazteek, arrakasta ulertzeko duten erak ez du laguntzen gure hizkuntza indartzen". Instagramen @Zelebritiak kontua oraindik ez baduzue jarraitzen, berandu zabiltzate; Xabi Antxia Uribeetxebarria Chicagon bizi den ikasle eta youtuberrak gidatuta, gazteek erronka dibertigarriak egin eta grabatzen dituzte, kontu honetan partekatuz. Hilabete eskasean, ia 2.000 jarraitzaile ditu kontuak; baina, zein da esperimentu honen helburua? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabi-antxia-gizarteak-batez-ere-gazteek-arrakasta-ulertzeko-duten-erak-ez-du-laguntzen-gure-hizkuntza-indartzen/@@download/image/20-768-Xabi Antxia_tokikom_735x413.jpg
2019/03/28
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Instagramen @Zelebritiak kontua oraindik ez baduzue jarraitzen, berandu zabiltzate; Xabi Antxia Uribeetxebarria Chicagon bizi den ikasle eta youtuberrak gidatuta, gazteek erronka dibertigarriak egin eta grabatzen dituzte, kontu honetan partekatuz. Hilabete eskasean, ia 2.000 jarraitzaile ditu kontuak; baina, zein da esperimentu honen helburua?
Xabi Antxia: "Gizarteak, batez ere gazteek, arrakasta ulertzeko duten erak ez du laguntzen gure hizkuntza indartzen".

Aretxabaletatik Chicagora; nolatan amaitu duzu munduaren beste puntan?

Abentura gogoa eta ingelesa ikasteko desira izan ziren hona etortzeko arrazoi nagusiak. Horrela, familia amerikar batekin bizi naiz ikasketa ezberdinak egiten ditudan bitartean. Esperientzia zoragarria izaten ari da.

Nola sortu zen ‘Zelebritiak’ kontua eta erronken esperimentua?

Nire Instagram pertsonalean hau egiten zuten pertsona batzuk ezagutzen nituen eta asko gustatzen zitzaidan publikatzen zuten edukia. Hauek, ingelesez edo gaztelaniaz hitz egiten dute, horregatik, euskaraz bat sortzea erabaki nuen.

 

 
 
 
View this post on Instagram

Zer da Zelebritiak? #zelebritiak #euskara #erronkak #gazteak #chicago #chicagogram

A post shared by Zelebritiak (@zelebritiak) on

 

Sare sozialen munduan gustura ibiltzen zara? Zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Instagram plataforma oso ospetsua da eta asko gustatzen zait honek duen formatua. Bideo laburrak, irudi erakargarriak, historialak igotzeko aukera… zoragarria da, beti ere neurri baten barruan. Instagramaz eta WhatsAppaz gain ez ditut beste sare sozialik erabiltzen, ez daukat ezer beste hauen kontran baina aipatutako biekin nahikoa daukat.

Nolakoa da halako erronka bat zabaltzea euskaraz?

Ez da erraza, hizkuntzak oztopo asko jartzen ditu. Sare sozial honetan euskaraz publikatzen den edukia oso murriztua da eta ez daukate interakzio handirik. Bilatzaileetan eta eduki ospetsuetan, euskarak ez dauka espaziorik. Zorionez, kontu hau jarraitzen duten pertsonek enpeinu handiarekin jartzen dute eta aipatutako oztopoak nabaritzen ditugun arren emaitza aberatsak eta pozgarriak ditugu.

Nondik ateratzen dituzu erronkak?

Normalean nik neuk asmatzen ditut, buruari hainbat buelta emanez. Beste batzuetan, aurretik aipatutako kontu ezagunetatik ideiak hartzen ditut. Batzuetan, jarraitzaileek bonbila pizten didate. 

Zaila al da jendea 'bustitzea' eta erronkak egitera ausartzea?

Galdera honek hausnarketa sakonak eskaintzen ditu, izan ere, jendea animatzea da erronkarik handiena. Oso jende gutxi ausartzen da bere egunerokotasuneko arauetatik irteten, Erronkaren arabera jende gehiago edo gutxiago animatzen da, baina gehienetan bultzaka ibili beharra dago. Hala ere, noizean behin, ezer esan gabe pertsona batzuek bere burua eskaintzen dute. Hori bai, sariak eskaintzen ditugunean eztanda sortzen da.

 

 

Zeintzuk dira esperimentu honen helburuak?

Helburu nagusia euskaraz ongi pasatzea da, hizkuntza entretenimendurako oztopo ez dela erakutsiz barre egitea. Honetaz gain, sare sozialek duten inpaktua aztertzen ari naiz eta ikusleak euren bizitzako arauen inguruan hausnartzea ere nire helburuetako bat da.

Nondik dator sare sozialetako zabalkunde hori neurtu edo aztertzeko nahia?

Irakasle izatea da nire ametsa eta etorkizuna teknologiaz gainezka dator, horregatik errealitate hau sakontasunean aztertzen ari naiz. Teknologiak atsegin edo ez, hauekin trebea izateak eta atzetik dituen sekretuak ezagutzeak abantaila asko eskaintzen ditu. Horretaz gain, errealitate honek ondorio kaltegarriak ekartzen dituela uste dut eta hauen jabe izateak zoriontsuago izaten laguntzen dit. Ez gara kontziente teknologiek gure bizitzan duten eraginaren eta honen atzean aurkitzen diren trikimailu guztien inguruan. 

"Helburu nagusia euskaraz ongi pasatzea da, hizkuntza entretenimendurako oztopo ez dela erakutsiz barre egitea".

Orain arte jarritako erronkak ikusita, ze ondorio atera dituzu?

Gure bizitzak mugaz beterik daude, batzuk begi bistakoak dira eta beste batzuk ez. Adibidez, taberna baten afaltzen gaudela lagun guztiok mugikorrari begira egotea normaltzat ikusten dugu, gehiengoarentzat muga ikusezin bat da hau, zoriontasunerako traba erraldoi bat. Kaletik bakarrik abesten joatea berriz (kontuko erronketako bat), zoroek egiten duten zerbait da. Hala ere, kontuko erronka guztietatik ez ditut horrelako ondorio sakonak ateratzen, erronka guztiek ez dute sakontasun berdina eta.

Euskarak ba al du presentzia sare sozialetan, ala oraindik asko egiteko?

Nire iritziz, sare sozialek arrakastarekin lotura handia dute eta euskara ez da arrakastarekin lotzen, hori dela eta oso presentzia gutxi dauka. Gizarteak, batez ere gazteek, arrakasta ulertzeko duten erak ez du laguntzen gure hizkuntza indartzen. Adibide bat: nire argazkiaren azpian jartzen dudan esaldia euskaraz idazten badut ez da jende askorengana iritsiko eta gainera ez da guztiz “guay”-a, beraz gazteleraz jarriko dut. Argi dago, honen atzean beste hainbat faktore daudela, hezkuntza esparruetan euskara erakusteko era esate baterako.

 

"Euskara ulertzeko eta bizitzeko erak ez digu gure hizkuntza eder hau zaintzen laguntzen".

 

Zer falta da euskarak sare sozialetan presentzia izan dezan?

Galdera honek ez dauka erantzun bakarra, izan ere aldaketa asko falta dira. Esanguratsuena aipatzekotan, jendearen jarrera esango nuke, nirea barne. Euskara ulertzeko eta bizitzeko erak ez digu gure hizkuntza eder hau zaintzen laguntzen. Sarritan, euskara inposatutako gauzatzat hartzen dugula uste dut, tresna akademiko bezala, bizitzeko estilo zoragarri baten aurretik.

Zein da egin duzuen erronkarik bitxiena? Eta zailena? Gelditu al da bete gabeko erronkarik?

Lehiakideetako mutil batek denda batean bularretako bat eskatu eta dendariaren aurrean jantzi behar zuen. Bideoa ikusterakoan, normalena barre egitea den arren, honen atzean aztertzeko hainbat ezaugarri bitxi daudela uste dut, dendariaren erreakzio naturala esate baterako. Erronka zailena lehiakideetako neska batek denda bateko manikien ondoan jarri eta hau imitatzea dela esango nuke. Kasu honetan, pertsona baten esparru pribatu batean sartu eta xelebrekeria hau egiteko baimena lortzea (edo baimenik gabe egitea) ez da erraza. Lehiakide batek ezin izan zuen manikiaren erronka hau bete, baina ondoren etorri zen neska eibartar batek lortu zuen bere ordez.

Zuk zeuk, zein da egitera ausartuko zinatekeen erronkarik muturrekoena?

Pertsona bakoitzarentzat muturreko erronka bat oso ezberdina izan daiteke, izaerarekin lotuta dagoela uste dut. Nire kasuan, nire beldur handiena aukeratu eta nire burua lehiatuko nuke, izan ere, orain arte igo ditugun erronkak egiteko ez dut arazorik aurre ikusten. Adibidez, bertigo handia sentitzen dudanez, hegazkin batera igo eta bertatik salto egitea muturreko erronka bat da niretzako. Lehenago edo beranduago egingo dudan zerbait da hau!!!

 
 
 
View this post on Instagram

Zoragarri! 💪🏼💪🏼💪🏼 Txakur ta guzti 🐶🐶🐶😂😂 #zelebritiak #erronka #challenge #challenges #chair #group

A post shared by Zelebritiak (@zelebritiak) on