World War Web

World War Web https://www.gaztezulo.eus/albisteak/world-war-web/@@download/image/2012439266sarez_1360822240.jpg
2012/04/06
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
Megaupload itxi zuten, baina elkarbanatzeko dugun grina ez.

Internetek mundu berri baten ateak ireki eta ezagutza partekatzeko bitartekoak eman dizkigu. Errealitatean ez bezala, mundu digital honetan gure fitxategi eta datuak besteren esku ere jartzen ditugu. Horregatik eta horretarako, zerbitzu ezberdinak jaio dira, tartean, ezagunenetarikoa: Megaupload.

Baina gauzak aldatu egin dira. Gobernuek Sareko askatasunarekin amaitu nahi dute, eta gurean apurtu.org webgunea itxi zuten bezala heldu zen, baita ere, Megaupload zerbitzuaren txanda, mundu zabalean milioika lagunek beren fitxategiak gorde edo elkarbanatzeko erabiltzen zuten zerbitzua, hain justu. Kaltetuetako askok, gainera, premium kontu bat zuten kontratatua, zerbitzua optimizatzeko. Itxieraren ondorioz, baina, datu horiek guztiak galdu dituzte, ez dituzte eskuragarri.

Itxieraren aurrean, protesta gisa, Anonymous taldeak FBIren web orrialdeari eraso egin eta zenbait orduz blokeatzea lortu zuen. Haserreak eta erantzun hauek, ordea, ez dute saihestu Megauploaden antzeko beste zenbait zerbitzuk badaezpadako neurriak hartu behar izatea. Esate baterako, Mediafire famatuak Google bilatzailean indexatzeari utzio dio. Honekin, Googleren bitartez eginiko bilaketetan ez agertzea lortu dute. Hortaz, Mediafire zerbitzarian 'zintzilikatuta' dauden fitxategiak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da hauen helbidea ezagutzea.

Zorionez, eta nahiz eta honen inguruko albiste txarren zerrenda amaierarik gabekoa izan, badira albiste onak ere. Peer to peer (P2P) motako programek denbora luzez jarraituko dute martxan, hauen funtzionatzeko era legez kanpo uztea oso zaila izango baita. Izan ere, gure ordenagailua munduko beste edozein tokitan dagoen beste erabiltzaile batekin lotzen dute fitxategi banaketa egin ahal izateko. Beraz, besteak beste, eMule erabiltzen jarraitzeko aukera izango dugu denbora luzez. Bestalde, Torrent motako fitxategiak ditugu: thepiratebay.se edo isohunt.com web orrialdeek eskaintzen dituzten bilatzaileak erabiliz, .torrent fitxategi bat jaitsiko dugu. Fitxategi hau ireki ahal izateko, Vuze, uTorrent edo Bittorrent gisako programak eduki beharko ditugu instalatuta.

Dena den, zure fitxategiak Sarera igotzeko Megauploaden antzeko zerbaiten bila bazabiltza, dropbox.com, box.com edo minus.com orrialdeek eskaintzen dutena gustatuko zaizu. Hau guztia gutxi balitz, videozer.comvideobb.com eta series.ly
atariei esker, filmak online ikusten jarrai dezakegu.

Ikusten duzuenez, aukera zabala dugu. Megauploadena ez da azken itxiera izango, baina Sarean beti izango dugu elkarbanatzeko ahalmena.

KATXONDOENA



aTorrent
Etxetik kanpo eta ordenagailurik gabe gaudenean fitxategiak jaisten jarrai dezakegu aTorrent doako programa gure Smartphonean instalatuz.

INFORMAZIO BILA



http://www.youtube.com/watch?v=5fvwoHKj6cs
Zazpi minutuko bideoan Sopa, Acta, Llares, Doring eta Sinde legeen azalpena.

HARRITU GAITU



www.aresonline.org
Zuzenean gure nabigatzailearen bitartez musika entzun eta jaisteko aukera ematen digun web orrialdea.