World Press Photo erakusketa zabaldu dute Gasteizko Montehermoson

World Press Photo erakusketa zabaldu dute Gasteizko Montehermoson Azaroaren 13ra arte bisitatu ahal izango da. Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte ekimenaren hogeigarren urteurrenaren aitzakian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/word-press-photo-erakusketa-zabaldu-dute-gasteizko-montehermoson/@@download/image/photo.jpeg
2022/10/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Azaroaren 13ra arte bisitatu ahal izango da. Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte ekimenaren hogeigarren urteurrenaren aitzakian.
World Press Photo erakusketa zabaldu dute Gasteizko Montehermoson

Montehermoso Kulturuneak World Press Photo erakusketa hartuko du beste behin. Izan ere, 20 urtez egin da erakusketa Gasteizen etenaldirik gabe. Fotokazetaritzako munduko lehiaketarik garrantzitsuena irabazi duten 120 irudi ikus daitezke bertan.

2022ko edizioan 130 herrialdetako 4.000 profesionalek egindako 65.000 argazki aurkeztu dira. Aurtengo edizioko irabazlea Amber Bracken kanadarrak The New York Times egunkarirako egindako argazkia da. Irudi sinbolikoa da, eta Kanadako Kamloops barnetegian tratu txarrengatik hildako ehunka haur oroitzen ditu. Barnetegia XIX. mendean sortu zen adingabe indigenen kultur asimilaziorako. Egungo ikerketetan, 1.400 hobi baino gehiago aurkitu dituzte horrelako zentroetan.

Horrez gain, bestelako errealitateak ere ikusi ahal izango dira, hala nola Amazoniako basoen galera, eta Australian baso-suteen aurka sua nola baliatzen duten. 

Erakusketaren sarrera doakoa da eta astelehenetik igandera  bisita daiteke, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Erakusketaren bisita gidatuak ere izango dira, ikastetxeentzat, Bizan Sareko zentroentzat eta gainerako herritarrentzat. 

Jarduera osagarriak
Urteroko erakusketaz gain, atzera begirako erakusketa ere izango da, 1955ean Herbeheretan lehiaketa sortu zenetik irabazle izan diren argazkiekin. 

Bestetik, gerra garaiko fotokazetaritzari buruzko solasaldia izango da Montehermoson eta profesional ezagunek hartuko dute parte: Ricardo Garcia Vilanovak, Pablo Toscok, Patricia Simonek eta Igor G. Barberok gerren eta gatazken berri ematea nola aldatu den izango dute hizpide.

Azkenik, World Press Photo amateur argazkilarientzako lehiaketa antolatu da eta 5.000  euro baino gehiago banatuko ditu sarietan. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik egongo da datorren azaroaren 3ra arte. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.