Wislawa Szymborska: Katua etxe hutsari begira

Wislawa Szymborska: Katua etxe hutsari begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/wislawa-szymborska-katua-etxe-hutsari-begira/@@download/image/wislawa_szymbor_1368621562.jpg
2012/03/02
erreportajea
Testua: Samara Velte
Wislawa Szymborska: Katua etxe hutsari begira
Kontua ez da zer kontatzen den, baizik eta nola; ongi asko erakutsi zion ikasgai hori literaturari Wislawa Szymborskak (Prowent, Polonia, 1923 – Krakovia, 2012).

Ironia eta paradoxa lagun, gauzak esaten baino gehiago, iradokiz ematen zuen munduaren berri, sotilki, kontaera bihurriaz begirada zorrotza ezkutatu nahiko balu bezala.

Bigarren Mundu Gerrak eskola klandestinoetara kondenatu zuen Szymborskaren nerabezaroa; ezkutuan idatzitako literatur lanak aldean zituela saihestu zuen nazien deportazioa. Pobreziak unibertsitateko ikasketak bertan behera uztera behartu zuen, baina urte haiek Krakoviako idazle munduan sartzeko atea parez pare ireki zioten; garai hartan hasi zen poemak prentsan argitaratzen.

Poloniako Langileen Alderdi Batuko kidea zen arren, zentsuratu egin zioten lehen liburua, nahikoa sozialista ez zela-eta. Apurka, joera komunistetatik aldentzen hasi zen, disidenteekin harremanduz, eta erregimenari adierazpen askatasuna eskatuz.

Idazle sotila zen Szymborska, ia oharkabea. Bizitza osoan 350 poema baino ez zituen argitaratu; hautagaien zerrendan egon gabe eman zioten 1996ko Literaturaren Nobel Saria. Gaiak orotarikoak zituen haren poesiak; ikuspegiak egiten zituen berezi. Kirmen Uriberen hitzetan, "den-denak zuen tokia bere olerkietan". Estilo soil hartan edonor senti zitekeen eroso; baita Patxi Lopez lehendakaria ere –Ezer ez birritan poema irakurri zuen lehendakaritza eskuratu zuenean–.

"Hil; hori ezin zaio egin katu bati. Izan ere, zer egin behar du katuak etxe huts batean?" itauntzen zuen Szymborskak Katua etxe hutsean poeman. Otsailaren 1ean hil zen; katuz beteta utzi du apartamentua, jaten emango dien andrearen zain.

Bibliografia


•    Dlatego zyjemy (Horregatik gara bizi). 1952.
•    Pytania zadawane sobie (Heure buruari galdezka). 1954.
•    Wolanie do Yeti (Jetiari deika). 1957.
•    Sól (Gatza). 1962.
•    101 wierszy (101 Poema). 1966.
•    Sto pociech (Alaitasun amaierarik ez). 1967.
•    Poezje wybrane (Poesia Hautatua). 1967.
•    Wszelki wypadek (Eduki ahal izan). 1972.
•    Wielka liczba (Zenbat handia). 1976.
•    Ludzie na moscie (Zubi gaineko lagunak). 1986.
•    Koniec i poczatek (Haste-amaiak). 1993.
•    Widok z ziarnkiem piasku (Ikupegia hondar ale batekin). 1996.
•    Sto wierszy - sto pociech (100 Poema - 100 Zorion). 1997.
•    Chwila (Unea). 2002.
•    Rymowanki dla dużych dzieci (Haur handientzako errimak). 2003.
•    Dwukropek (Bi puntu). 2005.
•    Tutaj (Hemen). 2009.