Willis Drummond taldeko bosgarren kidea

Willis Drummond taldeko bosgarren kidea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/willis-drummond-taldeko-bosgarren-kidea/@@download/image/willis_jon_irau_1398244626.jpg
2014/04/23
berria
Argazkia: Jon Iraundegi
Willis Drummond lapurtarrek Joseba B. Lenoir gitarrista beratarra taldeko bosgarren kide gisa aurkeztu berri dute, eta etorrera ospatzeko, hamar eguneko bira berezi bat egingo dute Euskal Herrian maiatzaren 15etik 24ra.


Neil Young kantari kanadarraren omenezko kontzertua prestatzeko batu ziren Willis Drummond laukoa eta hainbat proiektu musikaletan buru-belarri dabilen Joseba B. Lenoir gitarrista. Emanaldia apirilaren 30ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Elkarlan soil hartatik abiatu zenak dimentsio zabalago bat hartu du, eta Lenoir jauna talde lapurtarreko kide bilakatu da Jurgi Ekiza, Rafa Rodrigo, Felix Buff eta Xan Bidegainekin batera.

Etorrerak taldearen errepertorioa birmoldatzeko eta aspaldian jo gabeko kantei ukitu berri bat emateko aukera eskainiko duela azpimarratu dute, eta dagoeneko lotuta dituzten udako kontzertuetan elkarrekin ariko direla, tartean, Basauriko MAZ  Festibalean, Miarritzeko BIG Festibalean eta Baionako zezen plazan.

Etenik gabeko bira

Motorrak berotzen hasteko, halaber, hamar eguneko bira egingo dute maiatzaren 15etik 24ra Euskal Herrian barrena. Etenik gabe ariko dira Gasteizko Parral tabernan, Mutriku eta Arrasateko gaztetxeetan, Berako Kataku tabernan, Tolosako Bonberenean, Lekunberriko kantinan… eta Kanpoko gaztetxean amaituko dituzte emanaldiak.