Willis Drummond: "Geroz eta jende gehiago zentzu baten bila dabil, eta uste dut euskarak zentzua eta interesa pizten duela".

Willis Drummond: "Geroz eta jende gehiago zentzu baten bila dabil, eta uste dut euskarak zentzua eta interesa pizten duela". Iparraldeko Willis Drummond taldea "Zugzwang" diskoaren aurkezpen lanetan sartuta dabil. Hirukote bezala argitaratzen duten lehen lana izanik, bazen zaleen artean eskainiko zutenaren inguruan jakin-min ugari. Emaitza oso txalotua izan da; badute zer ospatu beraz, Jurgi Ekiza, Xan Bidegain eta Felix Buff-ek. Etapa berri honi buruz Jurgirekin hitz egiteko aukera izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/willis-drummond-201carte-ezberdin-arteko-mugak-desagertzen-ari-dira-eta-gaur-egun-musikariak-ezin-du-soilik-musikaria-izan201d/@@download/image/Captura de pantalla 2020-02-17 a la(s) 07.56.08.png
2020/02/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Iparraldeko Willis Drummond taldea "Zugzwang" diskoaren aurkezpen lanetan sartuta dabil. Hirukote bezala argitaratzen duten lehen lana izanik, bazen zaleen artean eskainiko zutenaren inguruan jakin-min ugari. Emaitza oso txalotua izan da; badute zer ospatu beraz, Jurgi Ekiza, Xan Bidegain eta Felix Buff-ek. Etapa berri honi buruz Jurgirekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Willis Drummond: "Geroz eta jende gehiago zentzu baten bila dabil, eta uste dut euskarak zentzua eta interesa pizten duela".

Zer moduz doa jaiotze berria?
Oso ongi egia erran. Ez dugu izan baby blues-ik momentuz. Plazer ainitz hartu dugu diskoa prestatzen, sortzen, idazten eta grabatzen, beraz, horrengatik agian, ez da izan horrelakorik disko honetan… eta harrera ere ona izan da, horrek laguntzen du beti.


Zer berrikuntza ditu Zugzwang diskoak?
Gauza ainitz guretako. Lehenik, gure lehendabiziko estudioko lana hirukote formatuan. Horretaz gain, kantu oinarri ainitz Felixek proposatu ditut eta horrek freskotasun bat eman dio diskoari. Sortzeko eta lantzeko modua ere aldatu dugu. Astero entseguak errepikatzeari utzi diogu, fase luzeago batzuetan murgiltzeko sorkuntza prozesuan. Aste bat hemen, aste bat han, aste bat ahotsak lantzen etxean, aste pare bat grabatzen, eta beste bat nahasten… Fase intentsuak eta bizitzeko interesgarriak izan dira.

Zer islatu nahi izan duzue Zugzwang kontzeptuarekin?
Zugzwang hitz alemaniarra da, baina xake jokoaren nazioarteko hiztegian erabiltzen da. Zure parekoak uzten bazaitu egoera batean non, edozein mugimendua eginez, pieza bat galtzen duzun zugzwang-en zaude. Xake jokoan ezin duzu txanda pasa egin, beraz kondenatuta zaude zerbait galtzera eta zure buruaren kontra aritzera. Sentsazio hori izan genuen Frantses Estatuko lehendakaritzarako hauteskundeetan, bigarren itzulian, Lepen ala Macron egon zirenean. Eta ondotik, sentimendu orokor bilakatu da. Erran dezagun, "ezintasun" baten sentsazioa bizitzen dugun gizarte islatu nahi izan dugula. Krisi ekonomikoa, ekologikoa, soziala eta instituzionala bizitzen ari gara. Ziklo baten amaiera dirudi, baina ezinezkoa ematen du beste zikloa hasteak.

Hirukote bezala argitaratzen duzuen lehen lana da, formatu egonkortu al da?
Uste dut hirukote formatuak oso ongi funtzionatzen digula. Funtzionamenduaren aldetik lehenik, eta musikalki ere zerbait irabazi dugu. Azkenean, hiru izanik, hiruak lehen lerroan egotera behartu gaitu, eta uste dut, horren ondorioz, bakoitza saiatzen dela benetan bere hoberena ematen. Eta bakoitzak bere onena ematen duenean, bistan da, emaitza orokorra ere hobetzen dela. Diskoa egitean aldiz, ez gara hirukotera mugatu. Gauzak bikoiztu ditugu, ahots ainitz sartu, teklatuak gehitu, lagunak gonbidatu… gure filosofia beti izan da kantuen zerbitzura aritzea. Kantak eskatzen duena egiten dugu, pentsatu gabe ondoren nola joko dugun zuzenean. Birmoldaketa lan hori, beste lan ba da ainitz gustatzen zaiguna baita ere.

Soinu lasaiagoetara bideratu da disko hau, ez al duzue horrenbeste oihuren beharrik barruak askatzeko?
Hor erantzun behar nuke adina izanen dela ziurrenik eta "heldutasuna"-ren diskoa dela eta abar… Baina egia erran, ez dut horrela ikusten. Gainera, iruditzen zait oihu eta ahots bortxatu ainitz badirela diskoan, baita parte biziki bortitzak eta zaratatsuak. Baina erran dezagun ez dugula aurretik erabakirik hartu, hau, hori ala hura egiteko. Beti bezala, saiatu gara barnean duguna kanporatzen, barnean dugun horrek eskatzen duen itxuran… Isiltasuna batzuetan garrasi bat baino bortitzagoa da.

Hirukotea izanagatik ekoizpenean elementu ugari entzuten dira aipatu duzun bezala, zuen diskorik anbiziotsuena dela esan al genezake?
Bai, uste dut hirukotean funtzionatzeak eta ainitzez gehiago aurretik lantzeak eman digula aukera estudioan gozatzeko. Denbora hartu dugu soinuak lantzeko, ideiak grabatzeko, ahotsak aberasteko… esperientzia batzuk egiteko. Hori dena, Johannes Buff ekoizlearekin egin dugu, eta horretan sentitu dugu benetako ekoizte lan bat izan dela. Berarekin entzun genituen maketak, aipatu intentzioak, hautatu diskoan mantenduko genituen kantak… eta ondotik, kantaz kanta aitzinatu gara, kanta bakoitzean, partez parte. Ahotsarekin ere, zinez gidatu nau eta biziki interesgarria eta aberasgarria izan da. Aitortu behar da ere, gu prest ginela horrela lan egiteko, ziurrenik beste diskoetan baino gehiago.

Zein helburu bete nahi dituzue taldearen etapa berri honetan?
Uste dut axola zaigula inoiz baino gehiago plazera hartzea. Ohartu gara hori egiteko, sinpleki gauzak ahal bezain ongi egin behar direla. Ez dugu hori nonbaitera iristeko etapa bezala bizitzen, hau egiten dugu, hau garelako gu. Baina, argi dugu ere musikan hasi ginela eta segitzen dugula, ez ditugulako jasaten errutina eta bizitza “konbentzionala”. Beraz, horrela bilatzen dugu gure oreka, gozatuz bizitzen ari garen momentuaz, gauzak ongi egiten, baina hala ere esperientzia berrien bila joanez gauzak ez errepikatzeko. Ez dugu helburu zehatz edo finkaturik ordea, gertatzen denari irekiak gaude eta azkenean gauza ainitz pasatzen dira: Japoniako bira, Australia, Tahiti... Horretaz gain, lehen aldiz kanta bat egiten ari gara film baterako, orain arte ezagutu ez ditugun jaialdi batzuetara joango gara (Resurrection fest...), Showcase-entzat landu genituen formatu akustikoek ere gogoa eman digute formatu horretan zerbait lantzeko goizago ala beranduago... Udazkenerako Europarako bira ere prestatzen ari gara, kantu batzuen remix proiektua ere badabil hor nonbait... Hori dena egin nahi dugu, baina jarraituz hemen ere herriz herri jotzen, bertan hartzen dugulako behar dugun energia guztia!

Oraingo honetan estetika ere asko zaindu duzue bideoklip ikusgarriak eta azal originala sortuz, zenbaterainoko garrantzia du estetikak musikan?
Musika bera ez da soinu estetika bat? Beraz, ezin bereiziak dira… Orain, gaur egun zailagoa dena gauza artistiko eta promo edukien artean muga zehaztea, ezta? Noiz da bideo bat sorkuntza artistikoa eta noiz musika zabaltzeko tresna hutsa? Portada bat obra bat da, ala marketin irudi bat? Eta marketina bera ez al da batzuetan arte bat, hainbeste gauza sentiarazten dituenean, eta hainbeste gauza erraten dituenean gauzak izendatu gabe? Uste dut dena intentzioan dagoela. Portadaren ideia genuen, eta hiruron nahasketa horren sinboloak bazuen zentzua guretzako. Ramon Zabalegik hori aberastu du benetako arte lan batetara eramanez, Thomas Ruff-en estetikara hurbilduz, alde errealistan sakonduz, irudia eta egiaren arteko loturaren kezka ere aipatuz. Edozein gisaz, nik uste dut arte ezberdin arteko mugak desagertzen ari direla eta gaur egun, musikariak ezin du soilik musikaria izan. Iruditzen zait sortzaile orokorraren garaia dela orain, ez dut ez ongi, ez gaizki ikusten, baina sentsazio hori dut. Nahiago dut hori onartu eta inplikatu pertsonalki gauza guzti hauetan. Enetako bide bakarra alde guzietatik plazera hartzea da.

Zer islatu nahi izan duzue azal original horrekin?
Nire ideia taldearen irudiarekin pixka bat jolastea zen. Duela bi urte modan jarri ziren swap aplikazio hauek, bisaiak nahasteko, eta pentsatu nuen, hori egitea hiruron bisaien artean, Willis Drummond-en aurpegia litzateke. Estetikoki interesgarria zen, portada oso klasikoen estetika errespetatu ahal genuelako, bisai bat ipiniz handian. Estetikoki, marketin vintage-ri erreferentzia eginez. Horrez gain, beti gustatu zait Xabier Montoiaren diskoa haren portada, nun agertzen den Iñigo Telletxea, eta azaltzen den Ni ez naiz Xabier Montoia. Beraz, erreferentzia hori bazen ere. Baina bai, sinbolikoki, nahi genuen azpimarratu Willis Drummond dela talde bat nun taldekide bakoitzak garrantzia berdina duen. Ramon Zabalegiri proposatu genion berriz ere diskoaren arteaz arduratzea, eta aipatu genion ideia hori. Ainitz gustatu zitzaion ideia, eta prozesua. Berak atera ditu argazkiak, estetika landu, nahasketak egiteko software-a menperatu... lan luzea eduki du.

Atzerritik ere bira oparoa burutuko duzue, Japonian egonak zarete eta orain berriz itzuliko zarete, nola erantzuten du atzerriko entzuleak zuen kontzertu batean?
Guk maite dugu partekatzea, beraz publikoa gogo berarekin etortzen denean, beti ongi pasatzen da. Japonian esperientzia ederra izan zen, eta uste dut aurten hobea izanen dela. Australian eta Tahitin lehen aldiz izanen gara, beraz beraz kontatuko dizuegu itzultzean berriz gonbidatzen bagaituzue! Hala ere, sentsazio geroz eta handiagoa dugu euskaraz kantatzea plus bat dela. Gero eta jende gehiago zentzu baten bila dabil, eta uste dut euskarak zentzua eta interesa pizten duela. Alemanian jo genuenean sentsazio hori izan genuen.

Eta Euskal Herrian zer nolako erantzuna izaten ari zarete?
Biziki eskerdunak gaude. Diskoaren, bideoen eta zuzenekoaren harrera bikainak izan ari dira. Uste dut zaleek preziatzen dutela, hastapeneko energia batetara itzuli garelako, eta momentu berean, jende berria ere hunkitzen dugu. Beharbada soinu ekoizpenarengatik, baita bideoengatik, ala sareetan egiten dugun lanagatik, baina sinistu nahi dut kantuengatik ere badela, baita talde barnean dagoen giro eta maitasunagatik.


Etorkizunera begira, zer?
Aipatu dizkizut jadanik proiektu ainitz 2020rako, ezta? Beste batzuk ere izanen dira ziurrenik. Ez dugu oraindik 2021. urte zehaztu, baina, ez dut uste aspertuko garenik. Willis Drummond taldeaz gain, Aguxtin Alkhatek disko berria kaleratuko du laster eta Xanek berarekin eginen du bira. Felix-ek bakarka kantu batzuk grabatu ditu Johannes anaiarekin, jakin gabe argitaratuko dituen ala ez. Nire aldetik, nahi nuke disko berri bat bakarka prestatzen hasi, baina momentuz bizitzak ez dit denborarik uzten...