Wikipedia eta komunitatea

Wikipedia eta komunitatea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/wikipedia-eta-komunitatea/@@download/image/20116291153wiki_1361319805.jpg
2011/07/01
erreportajea
Testua: Iratxe Esnaola
Wikipedia eta komunitatea
Komunitatearen auzolana da Wikipedia gainontzeko entziklopedietatik gehien bereizten duen ezaugarria. Euskarazko Wikipedia ere, beraz, gainontzeko Wikipedia guztiak bezalaxe, auzolanaren oinarrietan jaio zen, eta bere hiztun komunitateari esker egiten du aurrera. Wikipedia, komunitaterik gabe, ez zen Wikipedia izango. Entziklopedia bat beharbada bai, baina Wikipedia ez.

Wikipedia proiektua Wikimedia Fundazioaren ekimena da jatorriz. Euskarazko Wikipedia beraren arabera, "Wikipedia wiki teknologian oinarritutako entziklopedia librea da, hau da, web nabigatzaile batetik edozein erabiltzailek sor zein alda dezake artikuluen edukia". Definizio horretatik abiatuta, Wikipediak, gutxienez, hiru kontzeptu lotzen ditu: Internet, wiki teknologia eta entziklopedia (askea). Internet mundu mailako informazio iturri gisa ulertuta, alegia, web nabigatzaile bat izatea nahikoa da Wikipediara sartzeko. Bestetik, wiki teknologiak auzolanaren lankidetza eredua biltzen du bere baitan, modu erraz eta azkarrean eta edozein erabiltzailek elikatu ditzakeen web orriek osatzen baitute wiki bat; baina Wikipedia ez da edozein wiki: bere helburua eskuragarria den entziklopedia libre bat sortzea da, nahi adina hizkuntzatan eta nahi adina sarrerekin. Beraz, sarean libreki kontsulta dezakegun entziklopedia bat da, eleanitza, web orriduna eta eduki askekoa.

Baina Wikipedia ez du enpresa, erakunde edo instituzio batek sortzen. Internet erabiltzaileak dira Wikipedia elikatzen dutenak. Erabiltzaileen gogo eta iniziatibaren araberakoa da, hortaz, bere dimentsioa. 2001eko urtarrilaren 15ean sortu zen eta hiru urte eta erdi geroago, 2004ko irailean, 10.000 argitarazle baino gehiago ari ziren Wikipedia proiektuan lanean, 50 hizkuntza baino gehiagotan. 2010eko abenduan, ia 300 hizkuntza baino gehiagotan elikatzen zen, eta ingelesezko bertsioa da sarrera gehien dituena, 3.500.000 baino gehiagorekin.

Euskarazko Wikipedia 2003ko azaroaren 7an jarri zen abian. Euskarazko Wikipediaren beraren arabera, 2010eko abenduan 22.768 argitarazle ditu erregistratuak eta horietatik 273 kontsideratzen dira argitarazle aktibo (erregistratu gabe aritzen diren kideak ere badaude, baina horien kopurua zehaztea ezinezkoa da). Era berean, hamaika administratzaile ditu eta Euskarazko Wikipediaren komunitate birtualeko kideek sortu, aldatu edota hobetutako artikuluak gainbegiratu eta zuzentzen dituzte.

Hori horrela, 2010eko abenduan, Euskarazko Wikipediak ia 62.000 sarrera zituen eta 2011ko maiatzean 100.000 artikulura iritsi zen. Are gehiago, hiztun eta artikulu kopurua hartu eta beste hizkuntzekin alderatzen badugu, ehuneko erlatiboetan, artikulu bakoitzeko dagoen hiztun kopurua beste hizkuntza asko eta askoren gainetik dago. 2010eko apirilaren 1eko datuak: euskarak 19,3 hiztun ditu artikuluko; katalanak 31,9; galizierak 55,9; frantsesak 184,7; ingelesak 182,5; eta gaztelaniak 791,1. Beraz, esan gabe doa, Euskarazko Wikipediaren komunitatea euskarazko entziklopedia librearekin eta, oro har, euskarazko edukiak sortzeko helburuarekin oso konprometitua dago.

Eta horixe da gakoa, komunitatea: Wikipedia proiektuaren abiapuntua eta helburua garatzeko bitartekoa.

Wikipedia tutoriala



http://eu.wikipedia.org/wiki/Laguntza:Tutoriala
Wikipediak auzolanean egiten du aurrera eta guztion laguntza behar du. Animatu, oso erraza da eta!

Wikiproiektuak


http://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:Wikiproiektuak
Wikipediaren baitan gaika antolatutako wikiproiektu ezberdinak.

Wikipedia guztien zerrenda


http://meta.wikimedia.org/wiki/List_of_Wikipedias
Wikipedia guztien zerrenda. Euskarazko Wikipedia 37. postuan!

Estatistikak


http://eu.wikipedia.org/wiki/Berezi:Estatistikak
Euskarazko Wikipediaren estatistikak biltzen dituen orria.