Whatsappean partekatu behar ez zenituzkeen gauzak

Whatsappean partekatu behar ez zenituzkeen gauzak Aplikazioaren bidez dokumentu ofizialak partekatzea ez da batere gomendagarria. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/whatsappean-partekatu-behar-ez-zenituzkeen-gauzak/@@download/image/pexels-cottonbro-6963601.jpg
2026/05/29

Testua: Maitane Legarreta

Aplikazioaren bidez dokumentu ofizialak partekatzea ez da batere gomendagarria.
Whatsappean partekatu behar ez zenituzkeen gauzak

Whatsappa komunikaziorako ohiko bidea bihurtu dugu egunerokotasunean, eta hainbat gauza bidaltzen dizkiogu elkarri txatetan, sarritan askorik pentsatu gabe gainera. Plataformak muturretik muturrerako zifratzea eskaintzen badu ere, hobe izaten da tentuz ibiltzea, zenbait arrisku ere egoten baitira, batez ere gertukoak ez ditugunekin eta oso ondo ezagutzen ez ditugunekin dokumentuak edo bestelakoak partekatzean.

Gainera, kontuan izan behar dugu gailuak galdu edo lapurtu ere egiten direla, eta ez dago jakiterik gure datu edo irudi pertsonalak noren esku izan litezkeen oharkabean. 

Hori dela eta, ez da komenigarria dokumentazio ofiziala Whatsapp bidez bidaltzea. Ez genuke NANren, pasaportearen edo gidabaimenaren irudirik partekatu behar, norbere identitatea beste kontu batzuetarako erabil baitezake gaizkileren batek. Irudi horiek pertsona bat ordezteko, iruzurrezko banku-kontuak irekitzeko edo haren izenean kredituak eskatzeko balia ditzakete.

Dokumentua nahitaez partekatu behar izanez gero, seguruena aldaketaren bat egitea izaten da, bere horretan ez bidaltzea. Irudia txuri-beltzean helaraz daiteke, edota markaren bat ipini, bestelako gauzetarako erabil ez dezaten. 

Horretaz gain, bankuko datuak edo txartelarekin lotutakoak, kontratuak, pasahitzak, osasunarekin zerikusia duten dokumentuak, helbidea, eta datu pribatuak bidaltzea ere saihestu. 

Kontuz ibili argazki eta bideo intimoekin ere. Ez dakigu gerora noren eskuetara irits litezkeen, eta hartzaileak publiko egin edo txantaia egiteko arriskua dago. 

Lagungarriak izan daitezkeen zenbait neurri ere har daitezke, esate baterako behin bakarrik ikusteko moduan bidali. Behin irekita, desagertu egiten dira eta ez dira gailuan gordeta geratzen. 

Halaber, behin-behineko mezuak ere bidal daitezke. Hartara, denbora jakina igarota, mezu horiek ezabatu egingo dira, eta ez da informazio pribaturik pilatuko bertan. 

Dokumentu garrantzitsuen kasuan, konprimatu eta hura zabaltzeko pasahitz batekin babestu daiteke. Hori bai, horrek funtziona dezan, pasahitza beste bide batetik jakinarazi beharko zaio besteari, txat berean eskura gera ez dadin. 

Beraz, gogoratu, ahalik eta zuhurrena izan, gerora damutu beharrik ez izateko.