Whatsapp-ek iragarkiak erakutsiko dizkizu hemendik aurrera
Whatsappek iragarkiak izango ditu hemendik aurrera Europan, bertako legeak errespetatuz egiteko modua topatu baitu: iragarkiak kentzeko ordaindu ahal izatea. Hori dela eta, hemendik aurrera iragarkiak agertuko dira mezularitza aplikazio ezagunean. Aldaketa datozen asteotan egingo dute, pixkanaka.
Konpainiak azaldu duenez, Whatsappen iragarkiak agertzeak negozioak, markak eta kanalak deskubritzeko aukera emango die erabiltzaileei, aplikaziotik atera beharrik gabe.
Kontuan izan behar da plataformak 3.000 milioi erabiltzaile aktibo dituela hilean mundu osoan. Beraz, erabiltzaileen parte batek iragarkietan klik egiteak diru-sarrera nabarmenak ekar dakizkioke.
Iragarkiak ez dira norbanakoen edo taldeen arteko mezuetan eta deietan agertuko, kanaletan eta egoera atalean baizik. Iragarleek kanalen atalean iradokizun modura agertzeko ordainduko dute, eta "Babestua" etiketa jarriko diete, erabiltzaileak iragarkia dela jakin dezan.
Egoeren atalean erabiltzaileenak ikusten ari garela azalduko dira produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituzten iragarkiak. Gainerako erabiltzaileen egoeren itxura izango dute, baina kasu honetan ere eduki babestua dela jakinaraziko dute.
