Whatsapp aplikazioaren kontu bera lau mugikorretan erabili ahal izango da aldi berean

Whatsapp aplikazioaren kontu bera lau mugikorretan erabili ahal izango da aldi berean Hemendik pare bat hilabetera jarriko dute martxan aukera hori emango duen bertsioa. Norberaren mugikorrean instalatutako kontua beste hiru mugikorretan ere erabili ahal izango da aldi berean, baita norberarena konexiorik gabe geratuta ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/whatsapp-aplikazioaren-kontu-bera-lau-mugikorretan-erabili-ahal-izango-da-aldi-berean/@@download/image/whatsapp-beta-for-windows-phone-conceot.jpg
2021/06/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hemendik pare bat hilabetera jarriko dute martxan aukera hori emango duen bertsioa. Norberaren mugikorrean instalatutako kontua beste hiru mugikorretan ere erabili ahal izango da aldi berean, baita norberarena konexiorik gabe geratuta ere.
Whatsapp aplikazioaren kontu bera lau mugikorretan erabili ahal izango da aldi berean

Egun Whatsapp mugikorrean izateaz gain, ordenagailu edo tablet batean ere erabil daiteke mezu trukaketarako aplikazioa, beti ere Whatsapp Web eta telefonoa konektatuta. Izan ere, gainerako gailuek kontua instalatuta daukagun mugikorreko edukia baino ez dute islatzen. 

Erabiltzaile askok  kontu bera hainbat gailutan aldi berean erabili ahal izateko eskaera egin izan dute behin baino gehiagotan.  Telegramen zerbitzuak eskaintzen du aukera hori eta badirudi Whatsappen kasuan ere laster iritsiko dela. Horri esker, erabiltzaileek Whatsapp zenbaki berera konektatu ahal izango dute hainbat gailutan eta mezuak bidali, norberaren mugikor pertsonalak une horretan Interneterako konexiorik ez izanda ere. 

Mark Zuckerberg berak baieztatu du hainbat aldaketa egingo dituztela aplikazioan, aurrez aipatutakoa barne. Denbora tarte jakineko iraupena duten mezuak bidaltzeko aukera sortu zuten duela hilabete batzuk, eta orain mezuen eta txaten pribatutasuna hobetzeko funtzioak garatzen ari dira. Horretaz gain, behin ireki eta desagertzen diren eduki multimediak bidaltzeko aukera ere izango omen da. 

Will Cathcart Whatsappen arduradunak iragarri duenez, aplikazioa hainbat gailutan erabiltzeko aukera ematen duen bertsioa hilabete edo pare bat hilabete barru jarriko dute martxan. Gehienez lau gailutan erabiliko ahalko da aldi berean. Mezu guztiak orain arte bezala zifratuak izango direla jakinarazi du, eta automatikoki sinkronizatuko direla gailuren bat bateria faltagatik itzalita ere.