Virginia Woolf idazleari buruzko erakusketa Donostian

Virginia Woolf idazleari buruzko erakusketa Donostian Idazle ingelesaren bizitza eta obraren gainean gehiago jakiteko aukera izango da Sara Morante kantabriarraren ilustrazioen bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/virginia-woolf-idazleari-buruzko-erakusketa-donostian/@@download/image/4TE7DNYW6VGIRHJPPWDJKRHS5E.jpg
2021/11/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Idazle ingelesaren bizitza eta obraren gainean gehiago jakiteko aukera izango da Sara Morante kantabriarraren ilustrazioen bidez.
Virginia Woolf idazleari buruzko erakusketa Donostian

Literaktum Literatura Jaialdiaren baitan, Aiete Kultur Etxeak Virginia Woolf. Gela bat norberarena. Sara Moranteren eskutik erakusketa paratu du.  Virginia Woolf idazlearen bizitza eta obra agertzen da erakusketan, Sara Morantek Seix Barral argitaletxearentzat Una habitacion propia saiakerarako sortutako ilustrazio artistikoen bitartez. Laura Pujolek itzulitako Elena Medelen edizioak bezala, idatzi zuten emakumeen eta idatzi nahi izan zutenen oroimena ohoratu nahi du erakusketa honek. Antolatzaileen esanetan, "Sara Moranteren ilustrazio sinbolikoek Virginia Woolfen unibertso konplexu eta aberatsera hurbiltzen gaituzte. Izan ere, Woolfek literatura norabide berriak landu zituen, eta bere garaiko eleberrigile handietako bat izan zen. Gainera, XX. mendeko modernismoaren eta nazioarteko feminismoaren figura nabarmena da".

Virginia Woolf (Londres, 1882 - Lewes, Sussex, 1941) ingelesa literaturaren giroan hazi zen eta artista handiak izan zituen inguruan. Intelektualez, idazlez, filosofoz eta artistaz osatutako Bloomsbury Zirkuluko kide izan zen. Hogarth Press argitaletxea zuzendu zuen senarrarekin batera, eta bere lanik ospetsuenen artean daude, Dalloway andrea (1925), Farorantz (1927), Orlando: biografia bat (1928) eta Uhinak (1931) eleberriak, eta Gela bat norberarena (1929) saiakera laburra. Azken hau, emakume idazle eta intelektualek dituzten zailtasunei buruzko saiakera bat da, "kontuan hartuta gizonek neurriz kanpoko botere legala eta ekonomikoa dutela emakumeen aldean, eta horrek kalte egiten diola emakumeen hezkuntzari eta garapen integralari". Azken horretan, honako esaldi ezaguna idatzi zuen: "Emakume batek dirua eta norberaren gela bat behar ditu fikzioa idatzi nahi badu". Mugimendu feministaren testurik aipatuenetako bat den saiakera horri  esker, Woolfen ospeak gora egin zuen berriz 1970eko hamarkadan. Woolfek eleberrirako bide berri bat aurkitzeko ahalegina egin zuen, alde batera utziz garai hartan nagusi zen errealismoa, eta baztertu egin zituen historiaren konbentzioa eta pertsonaien deskribapen tradizionala. Hori guztia dela eta, XX. mendeko eleberrigile handietako bat izan zen.

Woolfen bizitza eta obra erakusten duten ilustrazioak Sara Morante kantabriarrarenak dira. Morantek Arte Aplikatuak ikasi zituen Santanderren eta Dublinen. Kantabriako Gobernuaren Arte Gazteko Sari Nazionala jaso zuen 2008an, ilustrazioaren kategorian, eta Ilustrazioko Euskadi Saria 2012an, La flor roja liburuan egindako lanagatik. Haren ilustrazioak berrogeita hamar liburu baino gehiagoren azaletan aurki daitezke eta maiz egiten ditu kolaborazioak prentsan eta publizitatean. Horretaz gain, erakusketa kolektibo ugaritan hartu du parte eta baita bakarkakoetan ere. 

Urtarrilaren 30era arte bisita daiteke erakusketa. Asteartetik ostiralera arratsaldez egongo da irekita, 16:00etatik 20:30era, larunbatetan goiz eta arratsaldez, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Gabonetan asteartetik ostiralera goizez egongo da zabalik, igandetako ordutegi berean.