Virginia Berasategi: "“Hawaiin lehenengo hamarren artean bukatzea ikaragarria da”"

Virginia Berasategi: "“Hawaiin lehenengo hamarren artean bukatzea ikaragarria da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/virginia-berasategi-quothawaiin-lehenengo-hamarren-artean-bukatzea-ikaragarria-daquot/@@download/image/20101218299virg_1361873107.jpg
2010/12/03
elkarrizketa
Raul Perez
Zaleek argazkiak atera nahi izaten dituzte bere ondoan, eta hedabide askok elkarrizketatzen dute Virginia Berasategi. Triatleta bilbotarra Izar mediatikoa da. Bilbon? ez, Hawaiin.

Badaude oharkabe pasatzen diren urteak. Beste batzuk, arrazoi askogatik, buruan iltzatuta geratzen zaizkigu. Virginia Berasategi triatloilariari kosta egingo zaio 2010a burutik kentzea. Emaitza bikainak lortu ditu bai, baina garratzetik ere izan du urteak: bitan talka egin du auto batekin bizikletan zihoala entrenatzen; batean, hortzetan hartu zuen min gehien, eta bestean bizkarraren behealdean. Hori nahikoa ez, eta Munduko Txapelketaren bezperetan gaixotu eta antibiotikoak hartu behar izan zituen. Hawaiiko Ironmanean beherakoa izan zuen, eta hala  ere laugarren postuan heldu zen helmugara. Kona uhartea buruan duela igarotzen du urteko zati handi bat Berasategik, Hawaiiko irla horretan jokatzen dutelako urtero proba ospetsua. Ez dago dudarik: burdinazkoa da bilbotarra.

Europako txapelduna Gasteizen, Munduko Txapelketan hirugarren, Hawaiiko Ironman proban laugarren. Jar iezaiozu zerorrek nota urteari.

Hamar bat edo. Europako Txapelketa berriz ere irabaztea unerik berezienetakoa izan zen. Munduko Txapelketari dagokionez, pozik nago baina gehiago espero nuen. Eta Hawaiin laugarren postuak iazko hirugarrenak baino poz handia eman dit.

Bi istripu izan dituzu aurten, geldirik egotera behartu zaituztenak. Urte osoan korrontearen kontra joan izanaren irudipena al duzu?

Beno, egia esan istripuak eduki eta gero, bizikleta gainean igotzeko beldur pixka bat banuen, baina ekinaren ekinez beldur hori desagertzen da. Nik bi eroriko izan ditut aurten, baina denbora gutxian osatu naiz, aurrez finkatutako egutegia bete ahal izan dut, podiumera igo naiz hainbat probatan... Jabetu behar dugu gauzak ez direla beti nahi dugun bezala ateratzen eta kitto. Athleticeko Ibai del Campo gazteak, aldiz, zenbait hilabete emango ditu jokatu gabe.

Hawaiiko lasterketari uko egitekotan izan zinen, ezta?

Bai, bai, pentsatu nuen. Baita kirola uztea ere. Askotan irribarretsu agertzen gara, helmuga zeharkatzean adibidez, baina horiek segundo gutxi batzuk baino ez dira; une txar asko dago tartean. Azkenean zergatik erabaki nuen Hawaiira joatea? Ba, amore ematea biderik laburrena zelako, eta banekielako parte hartu ezean buruari jira eta bira jardungo nintzela luzaroan. Alegia, ezin nuela azken erabakia beroan hartu.

Joan bai, baina han ere gorriak ikusi zenituen…

Bizikleta saioan eztulka hasi nintzen, akaso hoztu egin nintzelako eta korrika ere larri hasi nintzen; oinean min izango ote nuen ez nekien [joan den urteko Ironmanean hartu zuen mina] eta probaren lehen zatian beherakoa izan nuenez, ba neure buruari galdetu nion zer demontre egiten nuen han. Baina korrikako azken 10 kilometroetan gorputzaldiari buelta eman nion, irribarrea ezpainetan ari nintzen korrika eta hori ondo nindoan seinale zen. Konturatu nintzen lehen hamarren artean bakarrik ez, lehen bosten artean bukatzeko gauza nintzela.

Postu madarikatuan bukatu zenuen, laugarren.

Ez dakit zergatik esaten duten hori. Bosgarren, seigarren edo zazpigarren amaitzea baino hobe da laugarren helmugaratzea. Gainera, Hawaiin lehenengo hamarren artean egotea ikaragarria da.

Triatloian bi euskal herritar zaudete munduko onenen artean. Hala ere, Hawaiiko proba, Internetez baino ezin izan zen jarraitu Euskal Herritik. Alemanian, aldiz, bost orduko emanaldia eskaini zuten, zuzenean gainera.

Joan den urtean telebista kate batek irudiak hartu eta ETBk irudi horiek bota zituen ondoren. Aurten interesa zuten telebista kate guztientzako zerbitzua bazegoen. Beraz,  ETBk ere eman zezakeen, baina agian ez zuen aukera horren berri. Pena da, hainbatek e-posta bidez galdetzen zidalako ea ba ote zegoen proba telebistan zuzenean ikusterik. Ziur naiz telebistan emanez gero, jende dezentek ikusiko lukeela, oso kirol ikusgarria baita.

Maratoian esan ohi da 30. kilometroaren inguruan korrikalariek hormaren kontra jotzen dutela, alegia hori dela unerik gogorrena, izugarri kosta egiten zaiela aurrera egitea. Non dago ditxosozko horma iraupen luzeko triatloietan?

Gorabehera asko dago zortzi eta hamazazpi ordu bitarteko ahalegina eskatzen duen kirol batean. Nork bere hormaren kontra jotzen du, baina esango nuke horma korrikako saioan izaten dela, batez ere txirrindularitza saioan behar baino indar gehiago xahutuz gero.

Ez dirudi erraza denik triatloia bezalako kirol baten aldeko hautua egitea, ez baita nahikoa diziplina batean iaioa izatea…

Aita Hawaiin lehiatu zen estatuko lehen triatloilaria izan zen. Ni txikitan igeriketan aritzen nintzen, baita atletismoan ere eta, gainera, bizikleta gustuko nuen. Dena dela, aitak odolean zeraman eta horrek zeresana izan zuen.

Triatloi olinpikoa motz geratu zitzaizun orain dela urte batzuk eta iraupen luzekoetara pasatu zinen. Zergatik?

Triatloi olinpikoan parte hartzen nuen garaian pare bat alditan izan nintzen Olinpiar Jokoetara joateko zorian, baina lesioek bidea moztu zidaten. Gaztetik, proba luzeetan oso iaioa izan naiz eta ikusten nuen goiz ala berandu triatloi luzeak iritsiko zirela. Patuak ekarri ninduen.