Vincent Cassel: Pizti zangarra

Pisu astuneko boxeolaria dirudi. Garaia, arrokatsua eta basa da, eta bere begiradan mehatxua dago iltzaturik. Gizontasunaren irudia baita Vincent Cassel aktorea, zinez. Pizti bat da. Pizti zangarra. Frantzian, Jean-Paul Belmondo galaiaren oinordekotzat dute. Bere lehen urratsak, ordea, ez zituen ring batean eman. Zirkoan baizik. Izan ere, baldar itxura duen arren, atleta-gorputza du aktore frantziarrak. Akziozko zineman aritzeko gorputz ezin aproposagoa. Baina Vincent ez da gimnasioetan zaildutako aktore gihartsu arrunt horietako bat. Interpretaziorako dohain bereziak ditu. Bere belaunaldiko aktore frantziar onena da, ezbairik gabe.
Jean-Pierre Cassel aktore ezagunaren semea da Vincet. Aitak, nonbait, ez zuen semeak bere bidea jarrai zezan nahi. Horrexegatik egin zen aktore Vincent. Aitari kontra egiteagatik. Izorratzeagatik, finean. Telefilm merke bakan batzuetan hartu zuen parte bere aktore ibilbidearen hastapenetan. Apurka-apurka, baina, rol txikiak ere egiten hasi zen zineman. Gau batean, ostera, zorionak irri egin zion. Dantzaleku batean Mathieu Kassovitz zinemagile gaztearekin topo egin, eta haren adiskide min bihurtu baitzen. Handik gutxira, "Metisse" filmean rol bat eskaini zion Kassovitzek. Pelikula hartan ohargabean pasa zen arren, hurrengoan, "La Haine" gordinean, mundu guztia zur eta lur utzi zuen Vincent gazteak; aktore aparta zela argi utziz.
Hurrengo urtean, 1996an, Monica Bellucci sex symbol italiarra ezagutu eta hartaz maitemindu zen "L'appartement" filmaren errodajean. Harrez geroztik, ez dira banatu. Duela bost urte, gainera, ezkondu egin ziren. Zineman ere maiz egin dute lan biok elkarrekin. Besteak beste, "Dobermann", "Le pacte des loups" eta "Irreversible" polemikoan. Azken sasoi honetan, ordea, zinemarik komertzialenean murgildu zaigu mutila. "Les rivieres pourpres" eta "Blueberry" moduko film arrakastatsuetan, hain zuzen ere. Eta, tamalez, bere fama handitu ahala, bere prestigioa murriztuz doa. Hala, zinemazale askorentzat, Monica Belluciren senarra besterik ez da. Ekoizpen hanpatuak abandonatu, eta zinema independentera itzuli beharko litzateke Vincent albait lasterren. Izar izateari utzi, eta aktore izatera igaro. Larrosak arantzatsuenak ere- nekez bizi baitaitezke zeluloideko zarama artean.
Nortasun Agiria
Izena: Vincent Cassel
Jaioteguna: 1966-XI-23
Jaiolekua: Paris (Frantzia)
Emaztea: Monica Bellucci
Aktorerik kuttunena: Robert de Niro
Musika talde gustukoena: Assassin (anaia taldeko kide da)
Lagunik onena: Mathieu Kassovitz zinemagilea
Maite du: Zinema europarra
Gorroto du: Kazetaritza horia
Film bat: "Taxi Driver" (Martin Scorsese)
Bizio bat: Zirkoa
Bertute bat: Karisma handia du
Akats bat: Oso erraz pipertzen da