VIII. Nazioarteko Magia Mostra, maiatza hasieran Elgetan

VIII. Nazioarteko Magia Mostra, maiatza hasieran Elgetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/viii-nazioarteko-magia-mostra-maiatza-hasieran-elgetan/@@download/image/20124258341brando_silvana_I.jpg
2012/12/13
berria
Maiatzaren 4tik 6ra bitarteko asteburuan, mundu mailako mago entzutetsuenak bilduko dira Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Aurten, gainera, magia kalera ateraku dute aurreneko aldiz, eta nazioarteko artistak hurbilduko dira Euskal Herrira.

"Zortzi urteren ostean, aurtengo kartela maila oso handikoa da, anitza eta diziplina asko batzen dituena", iragarri du Jose Angel Suarez antolatzaileak VIII. Elgetako Nazioarteko Magia Mostra honen aurkezpenean.

Ikuskizunen kalitatea zaindu nahi dutela azpimarratu dute eta, horregatik, munduko hainbat txokotako lehen lerroko profesionalak gonbidatu dituzte Espaloia Kafe Antzokira: MagoMigue (Granada), P-Cubique (Frantzia), Enric Magoo (Katalunia), Charlie Mag (Katalunia) eta Silvana (Argentina).

Ostiral gaueko saioan MagoMigue granadarra izango da protagonista. Munduko kartomagia txapeldunak AluCine ikuskizun berria taularatuko du. Zinema lehen aldiz ikusi zuten XIX. mende bukaerako gizon-emakumeen tokian ipini nahi ditu ikus-entzuleak.

Larunbat gauean MagoMigue bera izango da gidaria, baina beste batzuk ariko dira taula gainean. Parenthese Cubique frantziarrek magia modernoa eta ilusio trikimailuak ekarriko dituzte Cubic Act lanarekin. Ondoren, Enric Magooren Frankie J.B. ikuskizuna hasiko da, Frankestein munstroaren alderdi komikoa ezagutzera emango duen obra txiki eta umoretsua. Segidan, magia tradizionalaren maisua: Charlie Mag, bere usoekin; 20 urte besterik ez dituen arren, sekulako ibilbidea du jada. Eta, azkenik, emakume bat ere izango da tartean: Silvana argentinarra. Bere emankizunak jostun baten istorioa kontatzen du eta oihartzun handia izan du nazioartean, benetan originala delako.

Ostiralekoaz gozatzeko sarrerak 15 eurotan daude salgai, eta larunbat gauerakoak 18 eurotan. Guztiak Espaloia Antzokian bertan eskura daitezke.

Magia kalean
Ostiral eta larunbat gaueko saio horiez gain, herritarrak benetan konplize bihurtzeko, magia kalera ateratzea da aurtengo Mostraren apostua.
Larunbat arratsaldean, hortaz, Gasteizko Cuesta magoak familia osoari zuzendutako ikuskizuna eskainiko du 18:00etan, eta doan.
Era berean, igande eguerdian, Silvanak eta Brandok Circus espektakulua aterako dute, Alemaniako Street Magic Festival jaialdian lehen saria jaso berri duena. Hau ere doan izango da.



Egitaraua Espaloia Kafe Antzokian


Maiatzak 4, barikua. 22:30.
MagoMigue: AluCine ikuskizuna.
15 euro.

Maiatzak 5, zapatua. 22:30.
P-Cubique: Cubic Act, ilusio ikuskizuna.
Enric Magoo: Frankie J.B., magia komikoa.
Charlie Mag: Gala ikuskizuna, magia usoekin.
Silvana: Antzerki magia.
18 euro.