Viggo Mortesen: Artista alderraia

New York hiriaren bihotzean jaio zen arren, ezin estatubatuar peto-petoa denik esan. Sustrairik gabeko bidaiari alderraia baita gizona, egiazki. Mundu erdia korritua du dagoeneko Viggo Mortensen galaiak. Gazte-gaztetatik sendotu zen bere bidaiari sena. Enpresaburu zuen aita. Haren lanbidea zela kausa, AEBetan ez ezik, Argentinan, Venezuelan eta Danimarkan ere bizi izan zen. Ikasketak amaitu eta gero, kamiolari aritu zen Europan barrena. Londresko zinema areto zahar batean topo egin zuen zinemarekin estreinakoz. Artean 20 urte zituen. Liluratu zuen zinema, ostera, ez zen Hollywoodeko izarrena izan. Ozu, Dreyer, Bergman eta Pasolinirena baizik.
Aktore hutsa baino areago da Viggo Mortensen, zinez. Berpizkunde garaiko artista polifazetiko bat baitirudi. Poesia liburuak idatzi ditu, pintore txukuna da, jazz musikaria hiru disko kaleratu ditu-, eta baita argazkilari entzutetsua ere. Antzerkiaren alorrean, gainera, Drama-logue Critic´s Award saria bereganatu zuen "Bent" antzezlanean egindako lanarengatik. Haatik, poliglota da, eta zientzia politikoetan eta literatura espainiarrean dago lizentziatua. Denbora nondik ateratzen ote duen galdetzen diotenean, etxean telebistarik ez duela erantzun ohi du ironikoki.
Peter Jackson zinemagile zeelandarraren "The Lord of the Rings" trilogia apartak famatu egin du Viggo Mortensen. Aragorn gerlariaren rola jokatu aurretik, ordea, ibilbide luzea zuen zineman. Jonathan Demme-n "Swing Shift" eta Woody Allen-en "The Purple Rose of Cairo" izan ziren bere lehen filmak. Bietan, baina, agertzen zeneko eszenak ezabatu egin zituzten zuzendariek azken muntaian. Ondoren, film kaskarretan baino ez zuen parte hartu. Bigarren mailako roletan, batez ere.
"Salvation!" erdipurdikoaren errodajean Exene Cervenka ezagutu zuen; X punk taldeko abeslaria. Harekin ezkondu eta gutxira, seme bat izan zuten: Henry. Harremanak, ordea, ez zuen luze iraun. Lanean maitasunean baino zorte gutxiago izan du mutilak, ordea. Sean Penn ilunaren "The Indian Runner" interesgarriak zinemagile erakargarrienekin lan egiteko aukera eman zionean ere, sormen krisirik larrienean hondoratu ziren guztiak eta. "Psycho" eta "G.I. Jane" moduko film tamalgarriak dira horren lekuko. Tolkienen eraztunak, ostera, errege bihurtu du amaieran. Inperioan sinesten ez duen erregea du orain Hollywoodeko erresumak.
Nortasun agiria
Izena: Viggo Mortensen
Jaioteguna: 1958- X-20
Jaiolekua: Manhattan/New York (AEB)
Neska laguna: Ez du (ofiziala, bederen)
Lagun bat: Dennis Hopper
Zaletasunak: Jazza, poesia, pintura eta argazkilaritza
Futbol talde bat: San Lorenzo de Almagro (Argentina)
Film bat: "Morte a Venezia" (Luchino Visconti)
Liburu bat: "The Lord of the Rings" (J.R.R. Tolkien)
Gehien maite duen pertsona: Henry semea
Miresten ditu: Liv Ullman, Ingrid Bergman eta Meryl Streep
Aldarrikapen bat: "No more blood for oil" (Odol gehiagorik ez petrolioarengatik)