Viggo Mortensen, Donostia Saria

Viggo Mortensen, Donostia Saria Aktore estatubatuarrak Falling aurkeztuko du 68. Zinemaldian, bere lehen lana zuzendari gisa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/viggo-mortensen-donostia-saria/@@download/image/vigo-pd_eu.jpg
2020/06/22
albiste-laburra

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Aktore estatubatuarrak Falling aurkeztuko du 68. Zinemaldian, bere lehen lana zuzendari gisa
Viggo Mortensen, Donostia Saria

Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak Donostia saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Izar estatubatuarrak Falling filma aurkeztuko du, zuzendari gisa duen lehen lana.

Donostian izango da film horren Europako estreinaldia. Filmak amaiera eman zion Sundanceko zinema-jaialdiari eta Canneseko zinema-jaialdiak hautatutako filmen artean dago. Lance Henriksen eskarmentuduna eta Mortensen bera dira Falling filmeko protagonistak, eta gidoia Mortensenek berak ondu du. Bi aktoreok aita-semeen rolean ari dira, bakoitzaren munduak ez du zerikusirik bestearenarekin, eta mundu horiek talka egingo dute familia-drama honetan. Mortensenen Perceval Pictures ekoiztetxeak ekoitzi du filma, Ingenious, Hanway Films, Scythia Films eta Zephyr Filmsekin batera. Espainiako estreinaldia urriaren 2an izango da, Caramel Films eta Youplanet Picturesek banatuta.

Azken 35 urteetan, Viggo Mortensenek 50 bat filmetan parte hartu du, hamaika zinemagileren aginduetara (David Cronenberg, Peter Weir, Jane Campion, Peter Jackson, Gus Van Sant, Brian de Palma, Agustín Díaz Yanes, Ana Piterbarg, Lisandro Alonso, David Oelhoffen, Peter Farrelly eta Matt Ross, besteak beste), eta kalitatea izan du bereizgarri film horietan, genero zinematografikoa edozein zela. The Lord of the Rings (Eraztunen jauna) trilogia fantastikoan esku hartu du, Aragorn hilezkorra jokatuz, baina, horrez gain, hirutan ere izendatu dute Oscar sarietarako, film hauetan egindako lanagatik: Eastern Promises (Ekialdeko promesak, David Cronenberg, 2007), Captain Fantastic (Matt Ross, 2016) eta Green Book (Peter Farrelly, 2018).