VI. Arrapazank programa martxan da, gazteen artean euskara sustatzeko

VI. Arrapazank programa martxan da, gazteen artean euskara sustatzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/vi-arrapazank-programa-martxan-da-gazteen-artean-euskara-sustatzeko/@@download/image/2011318634Harrapazank-2011.jpg
2012/12/13
berria
Bilboko Udalaren Euskara Sailak abiatutako ekimenak gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea du helburu, eta aurten, berrikuntza gisa, flashmob baten grabaketa proposatzen du martxoaren 26rako. 

Harrapazank programaren seigarren ekitaldia martxan du Bilboko Udalaren Euskara Sailak. Hiriko gazteen eguneroko hizkuntza, ohikoa eta irakaskuntzatik kanpokoa, euskara izan dadin antolatutako kultur egitaraua da, bide batez, Bilboko kultur eskaintza berritzea bilatzen duena.
Aurtengoak hiru interesgune nagusi ditu: 140 bat gazte bilduko dituzten Distirazank eta Dantzazank lehiaketak batetik, martxoaren 26an Ercilla kalean grabatzekoa den flashmoba bestetik, eta azkenik, apirilaren 8an Ze Esatek eta Enkore taldeek Bilborocken emango duten kontzertua.

Flashmoba, martxoaren 26an Ercilla kalean
Euskara eta Harrapazank programa protagonista izango dituen flashmoba grabatuko dute. Horretarako, Enkore taldeak ekimen honetarako propio sortutako Zer garen abestia erabiliko dute doinu gisa. Martxoaren 26an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Ercilla kalean biltzen diren gazteek youtuben eskegita dagoen koreografia dantzatuko dute (http://www.youtube.com/watch?v=ApfyYzMsGEE), eta inguruan dabilen jendea ere nahasiko dute.

Distirazank eta Dantzazank
Aurreko urtetako partehartzea kontuan hartuta, aurten ere gazteek euren gaitasun artistikoak erakusteko aukera izango dute.
Distirazankek originaltasuna eta sormena bultzatzea du helburu, dena delarik ere jarduera: antzerkia, magia, zirkua, musika, bertsolaritza… Aurten 12 taldek eman dute izena, baina zortzi helduko dira apirilaren 2an Bilborock aretoan 19:30ean izango den finalera.
Dantzazankek, bestetik, talde-koreografia onenak saritu nahi ditu. 25 taldek eman dute izena, baina zortzi besterik ez dira iritsiko finalera, apirilaren 9an Bilborocken 19:30ean egingo duten galara.
Bi finaletan Nerea Alias izango da aurkezlea.

Kontzertua Bilborocken
Harrapazank programari amanera emateko, Ze Esatek eta Enkore taldeak zuzenean ariko dira Bilborock aretoan. Kontzertua apirilaren 8an izango da, 20:00tan, eta sarrerak Bilborocken bertan nahiz BBKren Teleka kutxazainetan jarrito dituzte salgai sei eurotan.