Vendetta: irribarrea eta errebindikazioa

Vendetta: irribarrea eta errebindikazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/vendetta-irribarrea-eta-errebindikazioa/@@download/image/Vendetta.jpg
2009/04/03
erreportajea
Patxi Uranga
Musika, irribarrea eta errebindikazioa: bi hitzetan, horixe da Vendetta, edo hori adierazi digute behintzat Luisillo eta Peio taldekideek. Lehen diskoa labetik atera berri, bero-bero hartu dugu ska bonbardaketa.

Vendetta Iruñean sortu zen 2008 hasieran. Proiektuak eskarmentu handiko musikariak batu, edo berriz elkartu, zituen. Luisillo, Jabier, Enrikko eta Rubentxo, Skalariak taldeko partaide izan ziren. Haien esperientziari, bosgarren taldekidearen freskotasuna gehitu zitzaien, Peio Reparaz gaztearen gatz eta piperraz ari gara.

Behin taldea osatuta, entsegu lokalean sartu ziren eta kantuak konposatzeari ekin zioten, gogotsu. Baina GAZTEZULOri adierazi dioten moduan, Vendetta zuzeneko taldea da eta, berriro publikoaren beroa sentitzearren, lehen kontzertua eskaini zuten abesti batzuk osatu bezain pronto. Iruñeko Akelarre izan zen 2008ko apirilaren 2ko zita berezi haren lekukoa.

Gau hark arrastoa utzi zuen taldearengan. Emanaldia bukatu bezain pronto, Akelarreko arduradunekin hitz egin zuten, eta ezohiko erabakia zuten: aurrerantzean, urtero apirilaren 2an, ospakizun kontzertu bat egitea toki berean. Zuzeneko harekin hasi, eta 2008an iragarri gabeko beste 20 eskaini zituzten. Kontzertu beroak izan ziren, energiaz beterikoak.

Eta konturatzerako, aurkezpen diskoa besapean datoz. Hamaika abestirekin osatu dute lehen disko hau: bederatzi kantu propio eta omenaldi kutsua duten beste bi abesti mitiko. The Selecter historikoen Everyday da bata (Hertzainak taldeak ere bertsioa egin zion: Egunero), eta Jack Marshallen The Munsters ezaguna, bestea. Kantu alaiak dira, ederrak. Piezaren bat nabarmentzekotan, Son libre, Kolorez busti edota Ciudad desolación azpimarra ditzakegu,
gainontzekoak gutxietsi gabe, hori bai.  Bistan denez, ska estiloa dute oinarri, baina bestelako joerei muzin egin gabe. 

Suitzan barrena

Vendetta taldeko lagunak Suitzan izan ziren pasa den astean, apirilaren 9tik 12ra, hain zuzen. Guztira lau kontzertu eskaini zituzten: apirilaren 9an Laussanen, 10ean Zurichen, 11n Luzernan eta 12an, berriz, Bremgarten hirian. Urtebete eskas martxan daraman talde batentzat, aurkezpen diskoa ere oraintsu argitaratu dute, ez da marka makala, ez horixe. GAZTEZULOk esklusiban dakarzkizue birako argazkietako batzuk, taldekideen adeitasunari esker argitaratuak. Baina nafarrek ez dute geldirik egoteko asmorik eta kontzertu andana dute hitzartuta. Honatx datak:

Apirilak 24: Gasteiz, Jimmy Jazz aretoa
Maiatzak 22: Gasteiz, Arabatakada 09 jaialdia
Maiatzak 30: Burlata, Maiatzarokck 09 jaialdia
Ekainak 21: Sakana, Hatortxu Rock 10 jaialdia
Ekainak 26: Altsasu
Ekainak 27: Senpere
Uztailak 10: Busturia
Uztailak 25: Rota (Cadiz-Espainia)
Uztailak 31: Forua
Irailak 5: Orozko