Van Helsing *

Universal zinema ekoiztetxearen zeluloidezko munstrorik ezagunenak bildu zituen Stephen Sommers zinemagileak 150 milioi dolarretako ekoizpen fantastiko hanpatu honetan. Istorioa XIX. mendearen amaieran dago girotua. Eliza Katolikoarekin harreman zuzena duen elkarte sekretu ilun batek Gabriel Van Helsing banpiro-ehiztaria kontratatu du Dracula eta haren neska-laguna akaba ditzan. Abentura horretan, Carl izango du lagun Van Helsingek. Naturaz gaindiko munstroak ehizatzeko erabiltzen dituen armak balezta, kasu- fabrikatzen dituen monje-artisaua, alegia. Transilvaniara iristean, ordea, Draculari kontra egin aurretik, Frankensteinen munstroa eta otso-gizona ere gurutzatuko dira haren bidean. Baina ez da bakarrik egongo Van Helsing ausarta. Anna Valerious printzesa ijitu ederrak banpiro-ehiztari gaztearekin bat egingo baitu Dracularen aurkako borrokan. B serieko luxuzko film arrakastatsu eta entretenigarriak ekoizten iaioa da Stephen Sommers. The Mummy dibertigarria da horren lekuko. Beldurra eta abentura nahasten dituen krispeta-film pirotekniko horietako bat da ere Van Helsing. Zinema izartxo bat, neskato politak, munstro erakargarriak eta efektu berezi ikusgarriak ere nahasten dituen pelikula komertzial arina. Kaskarra da oso.