Valentina Terexkova: Munduaz besteko mugak gaindituz

Espaziora iritsi zen lehen emakumea izan zen Valentina Terexkova. Lehen emakumezkoa izateaz gain lehen zibila ere izan zen, haren aurretik espaziora joandako guztiak militarrak baitziren. 1963ko ekainaren 16ean, Vostok-6 ontzia Lurreko orbitan sartu zen; gidaria Txaika, antxeta errusieraz, Terexkovari misiorako jarri zioten ezizena. Lurrari 48 itzuli egin zizkion 71 ordutan. Kazajistango herri batean lurreratzean emakume batekin egin zuen topo, eta honek zeruan zegoela Jainkoa topatu ote zuen galdetu zion; Terexkovak erantzun zion bere ontziak eta Jainkoarenak ez zutela bide bera zeharkatu.
Azalean, Terexkovaren misioa emakumeen gorputzean espazioak zituen eraginak ikertzea zen; baina sobietarrek benetan bilatzen zutena zen adieraztea beren emakumeak gizonak bezain indartsuak zirela. Hala, Terexkova heroi bezala itzuli zen espaziora egindako lehen bisita horretatik.
Sobietarrentzat propaganda hutsa izan zen Terexkova espaziora bidaltzea; NASAri aurre ateratzeko saiakera, une horretan estatubatuarrek ez baitzuten emakumerik nahi espaziontzietan. Hain zuzen, garai horretan baztertu zituzten Mercury Thirteeneko 13 emakumeak. Misiorako gizonei ezarritako froga guztiak gainditu zituzten 13 emakume horiek, eta hainbatetan gizonek baino emaitza fisiko hobeak lortu zituzten; eta halere, NASAk erabaki zuen ez zuela haietako bat bera ere espazioratuko. Espazioan, gerran bezala, ez zegoen emakumeentzako lekurik.
"Lurrean, arrisku berei aurre egiten diegu gizon zein emakumeok; zergatik ez genuke berdin egin behar espazioan?". Esaldi horrekin, Terexkovak argi eta garbi utzi zuen emakumeek edozein eremu konkistatu zezaketela. Espaziora egindako bidaia historiko horren ondoren, ibilbide politikoari ekin zion errusiarrak, Sobiet Goreneko eta Alderdi Komunistako Komite Nagusiko kide bihurtzeraino. 1997an erretiratu zen azkenik Aire Armadatik eta baita Kosmonauta zerbitzutik.
Antxeta izpiritua
Baina, nola amaitu zuen Terexkova espaziorako bide hori egiten? Sobietar Batasunean jaioa, familia apalekoa zen, eta ezin izan zuen eskola amaitu, amarekin tela fabrika batean lanean hasi zelako. Dena den, posta bidez ikasketak jarraitu zituen. Bi gertaerek eraman zuten gertaera historiko horretaraino; lehenik eta behin, 20 urte bete aurretik, parakaidismoarekiko interesa piztu zitzaion, eta Aeroclub batean izena eman zuen, amari ezer esan gabe. 22 urterekin lehen saltoa egin zuen, eta betirako engantxatu zen. Bigarrenik, 1961. urtean Alderdi Komunistan lan egiten hasi zen; une horretan 24 urte zituen.
Espaziorako bidaia egiteko aukeratu zutenean 26 urte zituen Terexkovak; bidaian zorabio bortitzak jasan zituen, eta akats tekniko baten ondorioz hasieran programatutakoa baina denbora gehiago eman zuen espazioan. Halere, bizitzako esperientzia harrigarriena izan zen astronatuarentzat.
Terexkova, parakaidismoa praktikatzen.
Emakumeak espazioan
Terexkovak bidea ireki zuen, baina 20 urte igaro ziren bigarrenez emakume bat izarretara iritsi arte; Svetlana Savitskaya, hau ere errusiarra. Savistkaya izan zen espazioan pasiatzera atera zen lehen emakumea. Ondoren, 1986an, lehen estatubatuarra espazioratu zuen, Sally Ride. 1992an Mae Jemisonen txanda iritsi zen, lehen afroamerikarra. Gerora emakume gehiagok lortu zuten espaziorako bidea egitea; Helen Sharman (Erresuma Batua), Ellen Ochoa (Jatorri mexikarreko estatubatuarra), Chiaka Mukai (Japonia)... gerora emakume gehiagok konkistatu zuten zerua, tartean Peggy Whitson, espazioan inoiz denbora gehien igaro duen pertsona, bai gizon, bai emakume (565 egun guztira).
Halere, oraindik balantza urrun dago orekatik: egun, 498 dira espazioan izan diren gizonak, eta 60 emakumeak. Oraindik ere, emakumerik ez du Ilargia zapaldu, NASAk 2024an misio bat prestatzeko asmoa duen arren. Emakumeek zailtasun ikaragarriak izan dituzte espaziorako lehian, beste hainbat eta hainbat arlotan gertatzen den moduan. Gaia bikain landu dute aste honetan Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu den Proxima filmean; bertan, espaziorako bidea, amatasuna eta familia jorratu dituzten emakumeei omenaldia egin die Alice Winocour zuzendariak.