V for Vendetta (V pour Vendetta) ***

V for Vendetta (V pour Vendetta) *** https://www.gaztezulo.eus/albisteak/v-for-vendetta-v-pour-vendetta/@@download/image/57p54-3.jpg
2005/11/04
kritika
Testua: Iñaki Lazkano
Aktoreak: Zuzendaria: James McTeigue. Aktoreak: Natalie Portman, Hugo Weaving, Stephen Rea, John Hurt. Generoa: thriller. Herrialdea: AEB. Urtea: 2006. Iraupena: 131 minutu.
57.zenbakia
Hamaika ikusteko jaio gara! Star Wars trilogiaren azken partean Padme printzesa otzanaren paperean aritu ondoren, Natalie Portman aktoreak ahulenen aldeko borroka armatuari ekin dio! Izan ere, V iraultzailea lagun, Erresuma Batuko estatu faxistari egiten dio aurre V for Vendetta filmean neskatoak. Alan Moore-ren komiki ospetsu batean oinarritua dago James McTeiguek zuzendutako filma. Ez da Mooreren komiki baten zinema egokitzapena egiten den lehen aldia, ordea. 2001ean, Albert eta Allen Hughes anaiek Mooreren From Hell komikia zinemaratu zuten eta; Jack tripa-ateratzaile zitalaren Londres viktoriarra pantaila handira eramanez. Tirano makur baten esku dago Erresuma Batuko gobernua, eta komunikabideak diktadura krudel horren zutabe dira. V ezizena duen iraultzaile maskaratu batek, ordea, aurre egingo dio sistemari terrorismoaren bitartez. Evey gazteak iraultzaile ilunarekin bat egingo du, eta garesti ordainduko du bere ausardia. Wachowski anaiek ekoitzitako eta asmatutako thriller uher honen itzalean 1984 eta The Fight Club aparten zantzuak aurki daitezke. Wachowski anaiek, baina, pelikularen proposamen ideologikoan sakondu ordez, piroteknian hondoratzen dira beste behin. Hala eta guztiz ere, filmak erromantizismoz zipriztindutako eszena eder bakan batzuk baditu. Hutsuneak hutsune, thriller ilun, interesgarri eta entretenigarria da.