'V for Vendetta' eta David Lloyd ilustratzaileari buruzko jardunaldiak Gasteizen

'V for Vendetta' eta David Lloyd ilustratzaileari buruzko jardunaldiak Gasteizen Ilustratzailea bera Gasteizen izango da komikiak sinatzen eta baita hitzaldi bat ematen ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/v-for-vendetta-eta-david-lloyd-ilustratzaileari-buruzko-jardunaldiak-gasteizen/@@download/image/hugo_weaving_hd_v_for_vendetta.jpg
2022/01/31

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ilustratzailea bera Gasteizen izango da komikiak sinatzen eta baita hitzaldi bat ematen ere.
'V for Vendetta' eta David Lloyd ilustratzaileari buruzko jardunaldiak Gasteizen

V for Vendetta komikien zaleek gozatua hartzeko parada izango dute aste honetan Gasteizen, Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak eta Caracola komiki-dendak komiki-istorioari eta David Lloyd ilustratzaileari buruzko jardunaldiak antolatu baitituzte otsailaren 3tik 5era. Maskara ospetsu eta aldarrikatzailearen marrazkilaria bertan izango da gainera. 

Jardunaldiak otsailaren 3an hasiko dira eta V for Vendetta aztertuko dute egun horretan, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian.  Azucena Monge eta Joseba Gomez komiki adituek David Lloyden lanaren esanahiaren eta eraginaren inguruan hausnartuko dute. Hurrengo egunean, otsailaren 4an, David Lloydek komikiak sinatuko ditu, 16:30etik 20:30era, Caracola Comics dendan. Azkenik, otsailaren 5ean, larunbata, Lloyd-ek hitzaldia emango du berak sortutako lanaren inguruan, eta bere esperientziari buruz hitz egin eta ekitaldira joango diren pertsonen galderei erantzungo die. Hitzaldia 11:00etan izango da areto nagusian.

V for Vendetta Alan Moorek idatzi eta David Lloyd ilustratzaileak sortutako nobela grafikoa da. Komikiak Erresuma Batuen etorkizuneko historia hurbila kontatzen du, 90eko hamarkadan kokatua, eta gizarte distopiko eta post-apokaliptikoa erakusten du. Gerra nuklear baten ondorioz, munduaren zatirik handiena suntsitua dago, eta alderdi faxista batek bereganatu du boterea Erresuma Batuan. Maskararen atzean ezkutatzen den V izeneko iraultzaile misteriotsu batek gobernua deuseztatu eta gizarteari eredu politiko-sozial ezberdin baten beharra dagoela ikusarazteko kanpaina estrategiko eta bortitza jarriko du martxan. Zinemara ere egokitu zuten istorioa 2006an, izenburu berarekin; Wachowski ahizpek idatzi zuten gidoia eta James McTeigue australiarrak zuzendu zuen. Hugo Weaving aktoreak jokatu zuen V-ren papera, eta Natalie Portman eta Stephen Rea izan ziren filmeko beste aktoreetako batzuk.