V.E.L.O., Udda eta Maialen Aristegi dira Gasteizko Gazte Talent lehiaketako irabazleak

V.E.L.O., Udda eta Maialen Aristegi dira Gasteizko Gazte Talent lehiaketako irabazleak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/v-e-l-o-udda-eta-maialen-aristegi-dira-gasteizko-gazte-talent-lehiaketako-irabazleak/@@download/image/Gazte_Talent_2023_irabazleak_VELO_Udda_Maialen_Aristegi_20221207.jpg
2022/12/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

V.E.L.O., Udda eta Maialen Aristegi dira Gasteizko Gazte Talent lehiaketako irabazleak

Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen Gazte Talent lehiaketan Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ohi dute. Abenduaren 5ean eta 6an jokatu zituzten finalak Jimmy Jazz aretoan, bi kategoriatan. 25 eta 35 urte bitartekoen Gazte Talent Laboral Kutxa sarirako lehiatu ziren Incense, VELO eta When Evil Comes; eta 14 eta 24 urte bitarteko Gazte Talent sarirako, berriz, Udda, Paraside eta Maialen Aristegi.

Uddak Gazte Talent saria irabazi zuen, 1000 eurokoa; V.E.L.O.-k Gazte Talent Laboral Kutxa saria, beste mila euroko ordaina duena; eta Maialen Aristegik jaso zuen euskarazko talde edo bakarlari onenarentzako accesita. 500 euroko sariaz gain, Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera izango du Aristegik.

V.E.L.O. (Verdad En Los Ojos) Jaime Lescunek eta Javier Alonsok osatutako bikotea da. Proiektua duela hilabete gutxi sortu zuten eta ordutik estiloa eta soinua fintzen eta abestiak ateratzen aritu dira. Bere musikak "kontraste handiko erritmoak" ditu ezaugarri, "arpegioekin batera errezitatzen diren bateria landuetatik hasi eta ahotsa urratzen den metalezko riffetara heldu arte".

Aitor Armentia,Udda, pop-a jorratzen duen 21 urteko gasteiztarra da. 2021eko uztailean En las Nubes diskoa aurkeztu zuen: "Zoriontasuna lortzeko jasan dudan barne ezagutza prozesua adierazten du, eta jendarteak ezarritako mugei aurre egiteko hausnarketak zein erreibindikazioak hartzen ditu bere baitan. Abestiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta katalanez idatzita daude, nire erreferentzia musikalek hizkuntza horiek erabiltzen dituztelako".

2000. urtean jaiotako kantautorea da Maialen Aristegi. Orain arte hamar abesti konposatu ditu, oso kutsu intimo eta personalarekin, baina "edonor identifika daiteke haiekin". Izan ere, giza harremanetan edonori gerta dakizkiokeen istorioak azaleratzen dira.