Uzupis Errepublika, independetea

Vilnius Lituaniako hiriburua da, eta bere baitan kokaturik dago Uzupis Errepublika. Auzoak 1997an lortu zuen independentzia, eta berezko agintariak eta konstituzioa dituzte; azken hau errepublikako kale batean dago zintzilikaturik, kartel batean. Besteak beste, alferkerian ibiltzea edota deus ez ulertzea herritar ororen eskubideak dira Uzupisen. Gazte artista asko biltzen dira ia trafikorik gabeko auzoan, ekialdeko inspirazioa duten denden eta hormetako margolan psikodelikoen artean. Vilnius eta Uzupis ibai txiki batek bereizten ditu, eta gainetik igarotzen den zubiak bohemiar giroan murgiltzen du bisitaria.