Uztailaren 5ean eta 6an, ZarataFest 2013 Bilbon

Uztailaren 5ean eta 6an, ZarataFest 2013 Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uztailaren-5ean-eta-6an-zaratafest-2013-bilbon/@@download/image/zarata_fest_hor_1371475163.jpg
2013/06/18
berria
Musika arraroaren jaialdia uztaileko lehen asteburuan helduko da Bilbora. Artearekin uztartuz, 20 minutuko emanaldi txikiak eskainiko ditu sortzaile bakoitzak hilaren 5ean eta 6an, ostirala eta larunbata, L’Mono aretoan. Zortzigarren edizioa indartsu dator!


Zaratatik sortutako jaialdia da ZarataFest, talde zalapartatsuak izan baitziren 2006an abiatutako festa hartako lehen protagonistak. Gaur egun, aldiz, zarata kanal bilakatu da, programatzeko jarrera, eta performanceak, ahotsak, elektronika, dantza, hitzaldiak eta bideoak tartekatzen dituzten artistek ikuskizun laburrak eskaintzen dituzte, 20 minutukoak gehienez ere; bat bestearen ostean eszenatokira igotzean sortzen den zalaparta da, hain zuzen, jaialdiaren funtsa mantentzen duena.

Zortzigarren edizioa uztailaren 5ean eta 6an egingo dute Bilboko L’Mono aretoan, Andres Isasi kaleko 8.n.  Iluntzeko 20:00etatik aurrera, hamarna artista igoko dira egun bakoitzean eszenatokira, nork bere proposamen berezia aurkeztera. Nazioartetik nahiz bertatik etorritako sortzaileek, esperimentazioa oinarri, eskaintza benetan zabala taularatuko dute.

Sarrerak

Egun bakoitzeko sarrera 6 euroren truke eskura daiteke, eta aldiz, bi egunetako ticketak 10 euro balio ditu. Pixkanaka hazten joan den jaialdia sekula baino osatuagoa izango da aurtengoan, ohikoa den horretatik ihes egitea maite dutenentzako aproposa.

Taldeak


Uztailaren 5ean, ostirala, 20:00etatik aurrera

Genmaicha (Wade Matthews & Javier Pedreira) Chicagotik eta Madrildik etorritako artisten free organic inprobisaketak.

Jeleton, Maria Angeles Alcantara murtziarrak eta Jesus Arpal barakaldarrak osatutako bikotearen performancea.

I Treni Inerti bartzelonarren akordeoi eta tronpeta doinu minimalistak.

Unai K. eta Myriam P. artista euskaldunen Free Rhythm Pop musika.

Al Karpenter’s Ensemble barakaldarren Rock&ruido; From the River doinuak.

Maia Villot De Diego iruindarraren Smokey performancea.

Parasite Xpeziphik bikotearen Biomechanic Postformance ikuskizuna.

Burgoseko Sarah Resines artistaren Brutal Dubstep ikusizuna.

Lleidatik datorren Agnes P. DJ-aren iTunes Turntablism emanaldia.




Uztailaren 6an, larunbata, 20:00etatik aurrera

Un Coup De Des bikotearen Butoh Objects ikuskizuna. Lali Barriere bartzelonarrak eta Marta Sainz madrildarrak osatzen dute.

Ruth Barberan kataluniarraren Post Trumpet saioa.

Alfredo Costa Monteiro portugaldarraren electronoise-a.

Santiago DCtik etorritako Mitocondriaren Brutal Killer Noise ikuskizuna.

Itziar Okariz donostiarraren Situationism emanaldia.

Norabaty Josune gasteizatarren Psycho Magic ikuskizuna.

Toth Kina Hegyfalu hungariarraren After Postpunk saioa.

Musta Props izeneko bikotearen electro dance musika, Lleida eta Logroñoko Daniel Laria eta Estanis Comellak osatua.

Erszebet hungariarren black metal esperimentala.

Agnes P. DJ-a berriz ere.