Uztailaren 29an estreinatuko dute "Jose Mendiague" pastorala

Uztailaren 29an estreinatuko dute "Jose Mendiague" pastorala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uztailaren-29an-estreinatuko-dute-jose-mendiague-pastorala/@@download/image/20127138526pastorala_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Jean Bordaxerrek idatzitako pastoralak Argentina eta Uruguaiko euskal diaspora du ardatz, eta Jose Mendiage bertsolari euskaldunaren bizipenak kontatzen ditu. Arrokiaga herriko izen bereko elkarteak antolatu du, eta ia ehun aktore eta musikari bilduko ditu taula gainean. Uztailaren 29an izango da estreinaldia, eta bigarren emanaldi bat egingo dute abuztuaren 5ean.

XIX. mende amaieran emigratu behar izan zuen Jose Mendiaguek Hego Ameriketara, beste hainbat euskaldunek egin moduan, miseriatik ihes egiteko. Garai hartako botere borrokak ezagutu zituen bertan, eta euskal diasporako eragile garrantzitsuenetakoa bilakatu zen.

Jean Bordexar kantari, dantzari, aktore eta pastoral egileak bere bizitza taularatu nahi izan du Jose Mendiague pastoralean. Horrekin batera, dena den, euskaldunen emigrazioaren historia orokorra ere irudikatu du ikuskizunean.

Arrokiagako elkartean abiatu du, beraz, proiektua, eta Zuberoako herritarrak mobilizatu ditu horretarako. Guztira 92 aktore eta 16 musikari bildu dituzte, eta beste hainbat laguntzaile prestaketa lanetan ariko dira. Egun osoko egitaraua prestatu dute, pastoraletik haratago, herritarrentzako nahiz kanpokoentzako bilgune izan dadin.

Gainera, Uruguaiko euskara ikasle bat, Euskal Argentina elkarteko kide bat eta North American Basque Organisation erakundeko ordezkari bat ere izango dira Arrokiagan.

Gainera, abuztuaren 5ean berriro taularatuko dute ikuskizuna.

Eguneko egitaraua


10:30 Meza, pastoraleko arizaleekin
11:30 Kalejira
12:30 Bazkari herrikoia
15:30 Jose Mendiague pastorala (3.200 ikuslerentzako lekua izango da, eta denek aurrez aurre ikusiko dute ikuskizuna, ez alboetatik).
20:30 Aiharia (alaituriko afaria) herrikoia