Uxue Apaolaza: "Neure buruari egiten diot min, batez ere"

Uxue Apaolaza: "Neure buruari egiten diot min, batez ere" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uxue-apaolaza-quotneure-buruari-egiten-diot-min-batez-erequot/@@download/image/58p43-1_1366200172.jpg
2005/12/02
elkarrizketa
Unai Brea
Uxue Apaolaza: "Neure buruari egiten diot min, batez ere"
Uxue Apaolaza 24 urteko hernaniarrak ez du atsegin berbak alferrik erabiltzea. Beraz, lausengutzat hartu ditu guk bere liburuari botatako loreak: "Ez litzaidake gustatuko kontrakorik esatea, idatzizkoari dagokionez batez ere". Horixe da, beraz, "Umeek gezurra esaten dutenetik" (Erein) lehen ipuin liburuari egin dakiokeen aukezpenik onena. 

Zelan definituko zenituzke zeure ipuinak?
Motzak dira, eta esaldiak ere nahiko motzak dira. Ez dago ekintza gehiegirik… Nik idatzi egiten ditut, eta ahalik eta sintetikoen izaten saiatzen naiz.

Bilatutako estiloa da, edo berezkoa?

Bilatu egiten dut, niri gustatzen zaidan literatura hori delako behar bada: esaldi korapilotsurik gabe. Esaldi luzeetan galdu egiten naiz. Gauza batzuk adierazteko ez dira orri asko behar.

Zeintzuk dira ipuinen gaiak?

Ez zait gustatzen neuk esatea, baina tira… uste dut ni beldurtzen nauten gaiak direla. Idazten dudanean neure buruari egiten diot min, batez ere, eta ez dut uste ipuin goxoak direnik. Baina hori jendeak esan behar du. Nik esatea lotsagabea iruditzen zait.

Zure lehenengo lana da "
Umeek gezurra esaten dutenetik". Zelan egin duzu literaturarako pausoa? Izan ere, gaztea zara, eta gutxik argitaratzen dute adin horrekin..
Nik uste dut, badela nire adina bereko jende asko idazten. Hala ere, ni ere harritzen naiz hain goiz liburua argitaratzeko aukera izateaz. Berria egunkarian zutabeak idazten hasi nintzen, eta hortik eskaini zidaten liburua ateratzearena. Egia esan, liburua ez dago liburu modura pentsatuta, nik ipuinak neuzkan idatzita, eta beste batzuk idazten joan naiz; horiekin osatu dut lan hau, baina liburuak ez dauka liburu bokaziorik. Eskaintza egin zidatenean, egia esan, kostatu egin zitzaidan argitaratzeko erabakia hartzea. Beldur handia ematen zidan.

Zergatik?

Hara, ez dakit nire liburua norbaiti aholkatuko niokeen irakurtzeko.

Kritikak beldurtzen zaitu, orduan?

Ez, kritikak ez. Baina beti galdetzen diot neure buruari: zertarako argitaratu?

Literaturan segitzeko asmoa baduzu, zelangura…

Idazten bai, behintzat. Barrutik ateratzen zait, eta barruak hustutzeko oso bide aproposa da niretzat. Argitaratzea beste kontu bat da. Ez daukat, behinik behin, literaturaz bizitzen saiatzeko inolako asmorik.