Uxue Alberdi: lore moreak dituen soinekoa jantzita

Uxue Alberdi: lore moreak dituen soinekoa jantzita https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Uxue Alberdi: lore moreak dituen soinekoa jantzita
Testua eta argazkiak: Gari Berasaluze
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984), idazlea, bertsolaria eta kazetaria da. Duela hiru urte plazaratu zuen Aulki bat elurretan narrazio liburua, hura idazteko lehenago Igartza Saria eskuratuta. Itzulpengintzan ere aritu da. Koos Meinderts herbeherearraren Itsasargia (Ttarttalo, 2007) euskaratu zuen, esaterako.
Oraintsu aurkeztu du bigarren liburua: Aulki-jokoa eleberria. Joseba Jaka Literatur Beka eskuratu zuen lan hau idazteko, eta orduan aurkeztutako ideiari heldu dio istorioa garatzeko: egunero gozotegi batean elkartzen diren adineko lagunak. Argazki hori izan da egileak kontatu nahi zuena idazteko aitzakia: pertsonen arteko harremana, gerra eta, batez ere, emakumeen begirada eta duintasuna. “Lubakitik idatzitako gutunak gerra dira; sukaldetik erantzundakoak ez” hitzak ageri dira testuan, eta nobelaren erdialdetik aurrera, nolabait, esaldi hori da motorra. “Kontatu nahi nuena hori zela ohartu nintzen, eta horren bueltan antolatuta dago narrazioa”, dio idazleak.
Bertsolaritzan ere, azken urteotan, hainbat plazatan aritu da kantari. Besteak beste, gainera, Xenpelar (2006) eta Osinalde (2008) sariak irabazi ditu.
Kazetaritzan, gaur egun ohiko laguntzailea da Argia eta Jakin aldizkarietan, eta Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez astero Herri Irratiako Testuketan irratsaioa kudeatzen du, beste lankide batekin batera.
Hainbat alorretan aritu arren, Alberdirentzat zaila da “afizioaren eta ofizioaren muga zehaztea”. Izan ere, bai kazetaritza, bai bertsolaritza eta bai literatura hitzaren inguruko ekimenak dira, eta “hitza, komunikazioa, sentimenduak eta istorioak” pasioa dira elgoibartarrarentzat. “Inportanteena, egiten den guztian bihotza jartzea da”, dio.
Bibliografia
• Aulki bat elurretan (Elkar, 2007)
• Aulki-jokoa (Elkar, 2009).