Uxue Alberdi: “Lasaigarri dut Bilbon parranda egitea"

Uxue Alberdi: “Lasaigarri dut Bilbon parranda egitea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uxue-alberdi-lasaigarri-dut-bilbon-parranda-egiteaquot/@@download/image/57p60-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Uxue Alberdi: “Lasaigarri dut Bilbon parranda egitea"
Elgoibartarra. 21 urte. Kazetaritza ikaslea. Erasmus programarekin, Suedian egon zen iaz. "Aulki bat elurretan" ipuin sortarekin, VIII. Igartza Saria beka erdietsi du, eta hain zuzen ere, Suediako Karlstaden herrian girotuko ditu ipuin horiek. Irakurle sutsua da Uxue: "Aita euskara irakaslea da, eta amak liburutegi bat du. Beraz…", dio gazte irribarretsuak. Julio Cortazar oso begiko du.

Arrunt laket dut: Bertsolaritza, lagun giroa, zinea, parranda... Azken horretan ona naiz, gainera!
Ez dut parean ikusi nahi: Bere buruarekin amorratuta bizi den jendea; nire inguruan era horretako jende asko somatu dut.

Lasaigarri zait: Bilbon, ostegunen batean, parranda egitea!
Sutan jartzen nau: Ez naiz lotia, baina lo seko egonez gero, inork esnatzeak.

Gustura irakurri nuen: Harkaitz Canoren "Belarraren ahoa" asko gustatu zitzaidan, baita Stefan Zweigen "Xake" ere.
Lo seko geratu nintzen irakurriz: Inoiz ez. Lokartu aurretik liburuak itxi ohi ditut.

Bertutea: Pertsona alaia naiz, baita goxoa eta oso 'gartsua' ere. Piscis peto-petoa naiz.
Akatsa: Onerako eta txarrerako, burugogorra naiz: 'pronto' handikoa. Batzuetan, baita oldarkorra ere.

Ametsa: Ahalik eta leku gehien ezagutzea. Jada, adibidez, Alemania eta Suitzan auzolandegietan egona naiz. Asia, Afrika eta Hegoamerika begiz jota ditut.
Amesgaiztoa: Nahiko pertsona irekia izan arren, bakarrik sentitzea.

Barre algara eragiten dit: Barrez ematen dut eguna. Txiste on batekin, txar batekin baino gehiago gozatzen dut.
Negargura ez dut urruti: Injustizien aurrean, bertsotan doinu polit bat entzunaz… Zinera klinex mordoa hartuta joan ohi naiz.

Urrea: Ametsak betetzen saiatzen den jendeari: beraiekin batera hodeietan biziko nintzateke.
Ikatza: Boterea bere intereserako erabiltzen duen edozeini.

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ez naiz kexatzen jasotako 'deiez', eta jakin izan dut komeni izan zaizkidanak aprobetxatzen...
"…ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Orain arte nahiko zorte ona izan dut, eta ez zaizkit ate asko muturraren aurrean itxi.

"Uxuek 'Aulki bat elurretan' proiektu heldua idatzi izana harrigarria da" (Julen Gabiria): Pribilegioa da hitz horiek entzutea; zerbeza bat zor diot Juleni.
'Paper zuriaren' sindromea pairatu al duzu inoiz? Papera hartu aurretik, igartzen dut gogorik ote dudan idazteko. Burura etortzen zaidana heldu orduko idazten hasten naiz.

Bertso zalea zara... Andoni Egaña azkarra da oso, jenioa; 'bertsoaren munstroa' da.
Idazten duzunean "poto" egiteko beldurrik izaten al duzu? Ez. Intuizioz idazten dut. Hala ere, soinean beti koadernoa eramaten dut ideiak biltzeko.