Utzi txiringitoak gauerako!

Utzi txiringitoak gauerako! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/utzi-txiringitoak-gauerako/@@download/image/20096248383utzi_1362660917.jpg
2009/07/03
erreportajea
Patxi Uranga
GAZTEZULOko lantaldeak asanblada bidez erabaki du uda honetan kostaldean geratzea. Baina zer egin, nora jo? Errazena hondartzako txiringitoetan sustraiak botatzea litzateke, baina… zer arraio, tabernak ere hor izanen dira neguan. Hortaz, aisia modu osasuntsuan beteko dugu. Lehen pausoa kostaldeak kirolaz eta aisiaz gozatzeko eskaintzen dizkigun aukerak aztertzea izanen da. Gero erabakiko dugu zer egin. Nahi al duzu gurekin etorri?

Surfa
Euskal kostaldean surfean aritzeko makina bat aukera dago. Eta ez gara mundu osoan ospetsu den Mundakako ezker olatuaz bakarrik ari. Norbera bere kabuz has daiteke surfean, baina aurrez ikastarotxo bat egitea komeni da, kirola dirudiena baino zailagoa baita. Zarauzko Surf Eskola aukera ezin hobea duzue. Mikel Troitiño eta Haritz Larrañaga irakasle tituludunek olatuen munduan modu pedagogiko eta berritzailean murgiltzeko aukera eskainiko dizuete.

Kayak

Surfa ez bezala, kayak eta piraguismo jarduerak barnealdean ere praktika daitezke. Horren adibide dugu Arabako Ur alaiak elkartea, kostaldetik urrun direnentzako alternatiba egokia. Kostaldean ere bada horretarako aukera ugari, Orion kasu. Bertako turismo bulegoak Oria ibaian barrena piraguaz nabigatzeko irteerak antolatu ditu uztailean.

Arrauna

Tostako arraunketan aritu nahi dutenek nekez aurkituko dute Plentzia baino paraje hobeagorik. Arkote elkarteak uztailaren 1etik abuztuaren 30 bitarte doako ikastaroak eskainiko dizkie traineruan aritu nahi dutenei. Gipuzkoa aldean, berriz, Oriora jo dezakezue. Gogotsu hartuz gero, urte gutxi barru Kontxako badian izan zaitezkete bandera lortzeko lehian…

Bela

Belaontziek ere arrakasta handia dute, gero eta jende gehiagok egiten du oporretan Kantauri itsasoaz gozatzeko hautua. Enpresa berriak sortu dira, zerbitzu gehiago daude eta prezioak lehen baino eskuragarriagoak dira, eta horrek guztiak bultzada handia eman die belaontziei. Ordu gutxiko irteerak nahiz bost egun artekoak eskaintzen dituzte: Zumaia eta Deba arteko flyscha, Angelutik Gipuzkoako Getariara…  Hendaia-Ziburuko Lemaria, Hondarribiako Navegavela eta Getxoko Shackleton dira enpresetako batzuk.

Arrantza

Euskal arrantzaleen tradizioa eta aisia bikain uztartzeko modua eskaintzen du Bermeoko Atuntxo enpresak. Ekainean hasi eta urria bitarte, hegaluzea kanaberaz harrapatzeko irteerak antolatzen ditu Atuntxok. Baina bestelako aukerak ere baditu itsaso gose direnentzat: olatu bila joateko irteerak, Urdaibaiko bazterrak itsasoz ezagutzeko txangoak, zetazeoak bertatik bertara ikuskatzeko bidaiak… Koadrilan egiteko plan zoragarriak dira, zalantzarik gabe.

Helbideak

Aipatutakoak kostaldeak eskaintzen dizkigun aukeren adibide batzuk besterik ez dira. Hasi arakatzen, eta presta ezazu zure gustuko lana. Eta egunez ederki busti eta gero, segi gauean txiringitora, hor ere eztarria pittin bat busti liteke eta...