Uste bezainbeste al dakigu kalamuaz?

Uste bezainbeste al dakigu kalamuaz? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uste-bezainbeste-al-dakigu-kalamuaz/@@download/image/drogak_01_1372945192.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua: Maitane De Anitua. Ai Laket!! elkartea.
Uste bezainbeste al dakigu kalamuaz?
Kalamua –Cannabis sativa– psikoaktibitatea duen landare aski ezaguna da, Euskal Herrian batik bat marihuana zein haxix moduan kontsumitzen dena. Gurean aspaldi hedatu zen eta, denborarekin, substantziaren kontsumoa kasik normalizatu egin da.


Hain justu, naturalizazio horrek dakar lehendabiziko arriskua. Izan ere, kalamua legezko gisa jotzeak ahanztarazi dezake praktika zigortua dela: kalean eduki edo kontsumitzeak 300 euro edo gehiagoko isuna ekar dezake; eta trafikoak, salmentak edo banaketak kartzela zigorra.

Eraginez ari bagara, oso kontuan eduki behar dugu kontsumitzeko moduak edo bideak baldintzatzen duela hori. Ohikoena erretzea edo jatea izaten da. Lehenengo kasuan, eraginak epe laburrean agertzen dira, eta inhalazioaren sakontasunaren, biriketan mantendutako denboraren eta kalamuaren beraren psikoaktibitate mailaren arabera, ordubetez iraun dezake. Janez gero, aldiz, eraginak, geroago agertzeaz gain, nabariagoak izan ohi dira eta iraupen luzeagokoak; horrek dosiaren eta ondorioen gaineko kontrola konplikatzen du.

Bestalde, oso ohitura zabaldua da substantzia bat baino gehiago konbinatuta kontsumitzea eta, kalamuaren kasuan, gehienetan tabakoarekin edota alkoholarekin egin ohi da. Honek, arriskuak areagotzeaz aparte, espero edo bilatzen ez diren eraginen agerpena ekar dezake eta, hala, kontsumitzeko motibazioa edo arrazoia zen plazera eta gozamena desager daitezke.

Adibidez, ez dira arraroak tentsio jaitsierak, zorabioak edo gonbitoak. Kasu hauetan, jakina denez, garrantzitsuena pazientziaz eta patsadaz jardutea da; norbaiten konpainian, leku lasai bat aukeratu eta jateko edo edateko zer edo zer gozoa hartu. Beharrezkoa denean, burua alde batera jarrita hankak altxata etzatea lagungarria izan daiteke eta, hobetzen ez bada, larrialdi zerbitzuetara hots egin. Izan ere, eragin fisiko eta psikologikoak ez dira pertsona guztiengan eta beti berdinak izaten. Aitzitik, hainbat faktorek baldintzatzen dute hori: dosiak, kontsumo bideak, inguruak, pertsonak berak, tolerantzia mailak, egoera animikoak, espero denak... Horren guztiaren arabera, kalamuak gozamena, euforia edota lasaitasuna ekar dezake; sormena eta estimuluekiko sentikortasuna areagotu; zapore, denbora eta espazioaren pertzepzioa distortsionatu; gauzen alderdi barregarria ikusarazi dezake; motibazioa galarazi; izua, logale eta urduritasuna agerrarazi... Maila fisikoan, bestalde, eztarria eta ahoa lehortu ditzake, begiak gorritu, gorputzaren tenperatura nahiz presio arteriala pixka bat jaitsi ditzake, takikardiak ager daitezke, koordinazio falta, erreflexuak moteldu daitezke, berehalako memorian nahaste arinak nabari daitezke edota hitz jarioa gutxitu.

Kalamuak ez du mendekotasun fisikorik sortzen epe luzera eta gaindosirako arriskurik ere ez dakar. Horregatik, maiz, bere onurei erreparatu ohi zaie soilik, etor daitezkeen kalteei ezikusia eginez: mendekotasun psikologikoa, depresioa eta paranoiak, hormona mailaren jaitsiera... eta, errez gero, arnasteko zailtasunak, bronkitisa, faringitisa eta baita gaitz larriagoak ere.

Honenbestez, kalamua kontsumitzea ez da gomendagarria hazkuntza adinean daudenentzat, ez eta arazo psikologikoak dituztenentzat edo animoa baxu dutenentzat. Bereziki kaltegarria izan daiteke, baita ere, arnasteko problemak edota bihotzeko gaitzak dituztenentzat, haurdun edo bularra ematen ari diren emakumeentzat eta, azkenik, arriskuzko edo arreta handia galdatzen duten eginbeharrak dituzten pertsonentzat.

Nolanahi ere, kontsumitzea erabakitzekotan, komeni da, aurreko guztia aintzat hartzeaz gain, kalamuari buruzko ahalik eta informazio gehien biltzea, kontsumitzeko momentu egokia hautatzea eta atsedenaldiak egitea baita ere. Erretzekotan, bestalde, gainerako substantzia kaltegarriak saihesteko, kotoizko iragazkiak erabiltzea gomendatzen da eta, gehienetan tabakoarekin nahasten denez, azken honen eraginak kontuan hartzea ere ez dago soberan.