Usaimena: zentzumenik emozionalena eta baita ahaztuena ere

Usaimena: zentzumenik emozionalena eta baita ahaztuena ere Usaimenak milaka kilometro segundo batean egiteko ahalmena du, edota iraganera bidaiatzeko aukera ematen digu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/usaimena-zentzumenik-emozionalena-eta-baita-ahaztuena-ere/@@download/image/CBYDGFDMERGI7E3IFG5KSKHTJE.jpg
2020/01/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Usaimenak milaka kilometro segundo batean egiteko ahalmena du, edota iraganera bidaiatzeko aukera ematen digu.
Usaimena: zentzumenik emozionalena eta baita ahaztuena ere

Gure zentzumenik primitiboena da, irudiak eta sentsazioak gogora ekartzeko ahalmena du. Hain justu, gure usaimena sistema linbikoan kokatzen baita, hau da, gure garun emozionalean. Usaimenaren bidez eskuratzen dugun informazioa garun-azal primarioan prozesatzen da eta amigdala zein hipokanpoarekin harreman zuzena du. Amigdalak oroimen emozionalarekin erlazioa du eta hipokanpoa oroimen eta ikasketarekin. Beraz, biek dute oroimenak gogora ekartzeko potentziala. Beraz, usaimenaren bide oroitzen duguna ez dira jazoera objektiboak, baizik eta jazoera horiek eragin zizkiguten emozioak gogoratzen ditugu.

Hori dela eta, usaimenak gure umorea aldatu dezake, emozioak itzarri eta iragana gogoratu. Beraz, usaimenak ondorio sozial eta emozional garrantzitsuak ditu. Hain da horrela, giza espeziaren garapena ez zatekeela bideragarria izango ez balitz gure arbasoen sudur zorrotzengatik ez balitz.

Horrela, bere arbasoak ez zirenetatik usaimen bidez ezberdintzen zituztenek biziraupen eta ugalketa tasa handiagoak zituzten eta hori izan liteke arrakasta ebolutiboaren gakoetako bat. Norberaren usaimen lorratza osagai finko eta aldakorrekin osatzen da eta informazioa eskaintzen du sexu, adin eta osasunaren inguruan. Haur jaioberriak gai dira euren ama usaimenetik identifikatzeko eta amak bere haurra identifikatu dezake haurraren arroparen bat usainduta.

Bikote aukeraketan ere ezinbesteko rola du usaimenak. Ikerketa batzuk frogatzen dutenez emakumezkoek nahiago dute euren usaimen antzekoa duten gizonezkoa. Gure usaimen sentsibilitateak egunerokoan ere eragina du ordea. Horrela, usaimen sentsibilitate urria duten pertsonak euren solaskidetatik zentimetro gutxiagotara kokatzen dira, aldiz usaimen sentsibilitate altukoak tarte gehiagora.

Nahiz eta oso erabilgarria izan usaimenak eskaintzen digun informazioa, gorputzeko usaina errefusatzen dugu zerbait desatsegina bezala, higiene faltarekin lotzen baitugu. Bitxia da hori oso, beste ugaztunek bere kideen usainaz interes asko duten bitartean, guri usain naturala ezdeusa iruditzen zaigu eta hamaika modutara ezkutatzen saiatzen gara diru eta denbora asko xahutuz.

Horregatik garbitzen dugu egunero gure azala eta gure arropak aldatu, desodorantea erabili eta depilatu ere egiten gara, horrela ileak ez dezan gure bakteriek sortzen dituzten usainen jarduerak hor zehar zabaldu. Ondoren, sekulako prezioak ordaintzen ditugu perfumeetan.

Usaimenari garrantzia kentzen hasi ginen bi hanketan ibiltzen hasi ginenean, lurretik gure sudurra aldendu zenean. Ordutik, usaimena bigarren mailako zentzumen bilakatu da gizakiarentzat, gutxietsita dago. Hori dela eta, hitzak ditugu ia gauza guztietarako, baina usainak deskribatzea zail egiten zaigu.

Eta hori jakin arren usainik gabe ez dagoela zaporerik. Usaimena galtzen bada, bizitzako plazerik handienaz gozatzeko aukera galtzen da: janaria. Horregatik, elikadura munduak eman dio, beste arloetan ahaztu den garrantzia usaimenari. Zer litzateke ardoa usaintzeko lurrinik gabe? Edo zer okindegiak bertara sartzean usaintzen dugu usain gozo horiengatik ez balitz? Hain da garrantzitsua usaina, negozio horietako batzuetan usain hori ez datorrela bertako pasteletatik, baizik eta artifiziala dela. Usaimenaren bidez bezeroak erakartzeko estrategia ez dute okindegiek bakarrik erabili. Azkenaldian, marka ezagun askok txertatu dute usaimena euren marketing estrategietan.

Usaimenean ditu esperantzak jarriak arlo kriminalistak ere. Etorkizunean baliteke usaimen patroi bat erabiltzea pertsonak identifikatzeko, hatz-markaren antzera funtzionatuz. Medikuntzak ere gaixotasunak diagnostikatzeko tresna bezala usaimena erabili izan du eta egun, berriz ere horretara bueltatzeko lanean ari dira. Ikerketa ugarik minbizia hatsaren bidez diagnostikatu ahal izateko beharrean ari dira; eta egun ospitale ugaritan erabiltzen dira tumore ezberdinak detektatzeko gai diren txakurrak, gaixoen hatsa edo kakak usainduz. Denborak esango du zenbaterainoko garrantzia izango duten etorkizunean gure sudurrek.