Usaimena, ikertzaile erotikoa

Usaimena, ikertzaile erotikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/usaimena-ikertzaile-erotikoa/@@download/image/2009624911usaim_1362573389.jpg
2009/07/03
erreportajea
Nerea Sancho Psikologoa eta Sexologoa.
Zentzumenek jokabide erotikoak bultzatzen dituzte, kementsu: komunikazioaren ñabardurak azpimarratzen dizkigute, desioak pizten dizkigute… Horietako baten botereaz ariko gara zenbaki honetan. Zatoz usaimenaren mundu bitxia ezagutzera.

Plazer bilatzaile iaioak ditugu jaiotzatik. Elkarrenganako egarri agortezina oroitarazteko indarrez adierazten zaizkigu, eta gure arreta bideratzeko modu berezian liluratzen gaituzte: bihotz taupadak bizkortzen dizkigute, ahul edo adoretsu bihurtzen gaituzte…

Usaimenaren indar erotikoa

Sudurra da usaimenaren organo nagusia. Sudurzuloetako guruin pituitarioek kimiorrezeptoreak dituzte, airean dabiltzan partikulak hautemateko eta milaka usain mota bereizi ahal izateko.

Norberak usain propioa du eta horrek erakargarritasunean garrantzia handia du, maitalea edo bikotea usainagatik identifikatzea baimentzen baitigu, usaina identitate zeinu bihurtuz.

Gorputzeko atal bakoitzak usain propioa izan dezake: izerdiagatik, gorputza garbitzeko erabilitako produktuengatik, jantzitako arroparen osaeragatik eta atal bakoitzaren ezaugarri propioengatik.

Ileek, besoek, titiek, zakilak, aluak… usain gozoagoa, minagoa edo, zergatik ez, loreen usaina izan dezakete. Horregatik, sexukidearen usainak esploratzea abentura paregabea izan daiteke.

Izaretan utzitako usainak, bikoteak utzitako jantziarenak, norbait gogorarazten digunak… usainak eragin handia izan dezake. Garunak usain esanguratsuenak memorian atxikitzen ditu, haiei lotutako bizipenekin lotzen ditu eta, bat batean, garai bat gogora ekar diezagukete. Ez al zaizu inoiz gertatu zerbait usaindu eta aspaldiko maitasun istorio bat gogora etortzea?

Modu batera edo bestera, usaimenak gure bizitza erotikoan parte hartzen du. Batzuetan orainaldian eta beste batzuetan, aldiz, iraganarekiko nolabaiteko lotura bermatuz. Usain batzuk, gure-gureak ditugunak, segurtasuna transmititzen digute eta etxean sentiarazten gaituzte.

Usain ona duten produktu eta objektuak erakargarritasunaren jokoan agertzen dira, hala nola, usain gozodun loreak, perfumeak eta kremak. Bestalde, aparteko giroak sorrarazten dituzten usainek ere (itsas usaina, jaki goxoena…) gure sentikortasuna piztu eta haragiaren plazerraz gozatzeko moduan kitzika gaitzakete.

Usaimena hezi daiteke. Norbere gorputzaren usaina zaindu eta konbinatzeaz gain, sexukidearen gorputza sudurrarekin zeharkatuz iker dezakegu. On egin!

PROBATU AL DUZU?



Goizean goiz hondartzara joan, lagunarekin uretara sartu eta olatuen apar artean larrutan egitea? Ilunabarrean ere proba dezakezu, baina eguna argitzen ikusiz probatzeko gomendioa egin nahi dizugu.     

SEXESALDIA


Joaquin Sabinak esana: “Gizonezkoek emakumezkoek baino gezur gehiago esaten dituzte, baina, emakumezkoek baino modu traketsagoan”.

SEXEGUNA


Uztailaren 5a: Espainiako estatuan abortua despenalizatu zeneko 24. urteurrena
Abuztuaren 1etik 7ra: Amagandik Edoskitzearen aldeko Mundu Astea
Abuztuaren 12a: Gazteriaren Nazioarteko Eguna.