US 3

US 3 https://www.gaztezulo.eus/albisteak/us-3/@@download/image/16p12-1.jpg
2002/02/01
erreportajea
Aritz "Sound System"
US 3
Zer egingo duzu bihar? Galdetzen digute US 3 taldekoek, kaleratu berri duten diskoarekin batera banatutako liburuxkaren azken orrian. Galderak ez luke ezer berezirik izango, aurreko orrialdeetan munduko injustizia askoren berri ematen diguten argazkiak egongo ez balira.

1993an jende askoren eskemak apurtzea lortu zuten. Ez zen lehen aldia rapa eta jazza nahasten zirela, baina Herbie Hancock handiaren abestiaren bertsioa gure bizitzako soinu bandaren parte bihurtu zen. Neurri batean, bulegoko esperimentua izan zen US 3 taldea. EMI multikaka-ko diruxurgatzaileek oniritzia eman bitartean, atzerapen eta aldaketa asko izan zituen diskoak. Argia ikusi zuen, azkenean, eta baita arrakasta komertzial itzela lortu ere. Ez diogu meritorik kendu nahi. Bigarren diskoarekin, aldiz, ez zuten lehenengoaren arrakasta komertziala lortu eta orain disketxe berriarekin datoz bueltan. Disketxean ezezik, musikan ere aldaketak daude.

Geoff Wilkilson US 3ko produktoreak dioenez, "disko hau eta aurrekoak ezberdinak dira. Batetik, soinua ez da bera; aurrekoak Blue Note zigiluarekin grabatu nituen eta bertako artxiboetatik ateratzen nituen sanplerrak. Orain, berriz, Universal-ekin grabatzen dut eta iturriak beste batzuk dira. Disko honek, gainera, zuzeneko soinuarekin antz handiagoa du. Bigarren desberdintasuna ahotsetan dago. Orain emakumezko batek kantatzen du hainbat abestitan; Alison Crockett da eta izugarrizko ahotsa du".

Musikari dagokionez ere badago aldea . "Lehen jazz eta hip-hop musikak baino ez nituen nahasten eta orain drum&bass;, soula, erritmo latinoak, Indiako musika tradizionala eta beste elementu batzuk elkartu ditut. Mugak apurtu eta musika askeagoa lortu dut ", dio Wilkinsonek.

Mugak apurtu eta muga ugari zeharkatu ditu Wilkinsonek azken urteotan taldearekin egindako kontzertuetan. Horrek ere eragina izan du diskoan. "Izenburua aukeratzerakoan, munduan egindako bidaiek zerikusia izan dute. Izenburu horrekin adierazi nahi dut ingurune arrotz batean egoteak ez gaituela beldurtu behar, gaurkoa beste edozein eguna bezalakoa baita". US 3-k egindako musika, ordea, ez da ohikoa. Aurki zuzenean ikusteko aukera izango dugu. Besteak beste, martxoaren 7an Bartzelonan izango dira eta 8an Madrilen.