Urtebeterako zinema-kritikaria hautatzeko lehiaketa jarri du martxan Zinea.eus atariak

Urtebeterako zinema-kritikaria hautatzeko lehiaketa jarri du martxan Zinea.eus atariak Astero zinemara joan eta ikusitako filmaren inguruko kritika idatzi beharko du aukeratzen dutenak. Lehiaketarako kritika maiatzaren amaierarako bidali behar da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urtebeterako-zinema-kritikaria-hautatzeko-lehiaketa-jarri-du-martxan-zinea-eus-atariak/@@download/image/ONA-1-800x533.png
2022/04/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Astero zinemara joan eta ikusitako filmaren inguruko kritika idatzi beharko du aukeratzen dutenak. Lehiaketarako kritika maiatzaren amaierarako bidali behar da.
Urtebeterako zinema-kritikaria hautatzeko lehiaketa jarri du martxan Zinea.eus atariak

Zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzen jarraitzeko asmoa du Zinea.eus atariak, eta arduraduna hautatzeko lehiaketa jarri du martxan. Azken urteetan Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal, Mikel Zumeta, Zigor Etxebeste, Sara Hernandez, Ixone Santamaria eta Txomin Lasa aritu dira kritikak idazten, eta uztailetik aurrera langintza horretan ariko den kritikari berria topatu nahi dute. Zineman aritzen direnek zein zinemazaleek har dezakete parte. 

Urtebeteko lana izango du hautatutako kritikariak. Astero-astero zinemara joan beharko du, film bat arretaz jarraitu eta, ondoren, eragindako hausnarketa publiko zabalarekin partekatu. Trukean, "ospea, loria eta dirutxoa" jasoko duela adierazi dute antolatzaileek. 

Lehiaketan parte hartzeko, film bat hautatu, 2021etik aurrera estreinatutakoa aukeran, 300 eta 400 hitz bitarteko kritika idatzi, eta e-posta bidez bidali beharko da maiatzaren 31ra arteko epean. Banan-banan argitaratuko dituzte jasotako kritika guztiak, epaimahaikideek lanok baloratzeaz gain, atariko irakurleek ere hauek irakurri eta beren balorazio propioak egin ditzaten.

Irabazlea ekainaren erdialdean iragarriko dute, atarian bertan eta elkarlanean ari diren erakundeen hedabideetan. Irabazleari aurrez jakinaraziko zaio, eta uztailaren 6an, asteazkena, argitaratuko du bere lehen iruzkina.

Edozein zalantza izanez gero, info@zinea.eus helbidera idatzi edota 943 504 206 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.