Urte berriko proposamenak (behingoz) betetzeko 5 pauso

Urte berriko proposamenak (behingoz) betetzeko 5 pauso https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urte-berriko-proposamenak-behingoz-betetzeko-5-pauso/@@download/image/proposamenak_1483535330.jpg
2017/01/04
berria
Dagoeneko sartu gara urte berrian, eta askok bizimodua hobetzeko proposamenak egiten dizkiogu buruari; proposamenak egin bai, baina gehienak alde batera uzten ditugu egun gutxietara. Bost pauso hauek helburuak betetzen lagunduko dizute!

Mahatsak irenstearekin batera zure buruari helburu berriak jarri zenizkion? Horietatik zenbat hasi zara betetzen? Askok proposamen on pila egiten dizkiogu gure buruari urtea hasi bezain laster, baina horietako gehienak bidean uzten ditugu egun gutxietara. Arazo handienak planifikazio eza, meta erraldoiak jartzea eta berehalako emaitzak lortzeko desira izaten dira. Bost pauso hauekin, behingoz zure proposamenak betetzeko aukera duzu!

1) Definitu proposamenak:


'Erretzeari utziko diot, kirola egingo dut, maitemindu egingo naiz'. Proposamen politak dira, baina orokorregiak; horien atzean, ekintzara eramango gaituen plan zehatzago bat behar dugu, gure burua helburura iristeko prestatuz. Erretzeari utzi nahi badiogu, lehen pausoa informazioa biltzatzea izango da; medikuari aholkua eskatu diezaiokegu, eta astekako helburu txikiak jarri gure buruari. Ez dugu etxea teilatutik hasi behar; emaitzak etorriko dira, baina lehenik lan egin beharra dago. Kirola egitearekin berdin; onena, gure osasuna aztertu, eta behar dugunaren araberako kirol bat aukeratzea da. Korrika egitea beharbada ez da nahiko motibagarria zuretzat, baina bai ordea bizikleta; gogoa bizirik mantentzea da garrantzitsuena. Maitasuna bilatzea ere helburu polita da, baina zer egiteko prest zaude? Astebururo tabernaz-taberna ibili beharrean, zure gustuko jarduera batean izena eman dezakezu, jende berria ezagutzeko.

2) Planifikatu:

Oso zaila da barneratuta ditugun ohiturak aldatzea horretarako plan bat diseinatu gabe. Ez badakigu nondik hasi, profesionalen eta ingurukoen laguntza eskatu dezakegu. Egun, Interneten denetatik ikasteko aukera dago, eta mugikorretan edozein helburu planifikatzeko aplikazioak daude. Zure arazoa denbora administratzea bada, mugikorrak zure ordez egin dezake; berdin erronka berriak proposatu, edo bestelako laguntza eskaintzeko orduan.



3) Partekatu zure helburuak ingurukoekin:

Benetan gai zarela sinetsi nahi baduzu, ez dago ingurukoekin zure proposamenak partekatzea bezalakorik; haiek animatuko zaituzte gogo gutxi duzunean, eta nork daki, beharbada norbait zurekin animatuko da!

4) Lagundu zure buruari:

Halako helburu gogorrak ditugunean, askotan gure buruari tranpa egiteko tentazioa dugu. 'Asteburua da, jai da, astelehena da, egun batengatik ez da ezer gertatzen...' hor hasten da gure ibilbidearen gainbehera. Gure buruari lagundu behar diogu, eta horretarako badaude hainbat truku. Adibidez, dieta egiten ari bagara, ez erosi dietatik kanpo dauden litxarreririk. Joan supermerkatura bazkalduta, lista bat eginda, eta planifikatu asteko menu guztiak. Kirola egitera bagoaz, izan arropa beti prest, jarri ordutegi finko bat, eta erabili motibatzen zaituen hori, esate baterako, musika.

5) Sari txikien bitartez gogoa mantendu:

Truku horiek erabilita ere, tentazioan erortzen bagara, ez martirizatu zure burua; honen guztiaren helburua geure buruarekin hobeto sentitzea da, ez okerro. Zaila izaten da urte hasierako motibazioa mantentzea; horregatik, lagungarria izan daiteke epe motzera begirako sari txikiak eskaintzea gure buruari. Erretzeari uzteko asmoa badugu eta astebete iraun badugu, ospatu ezazu adibidez zinemara lagunekin joaten, edo gustuko duzun (eta erretzeko tentaziotik urrunduko zaituen) jarduera batekin.

*URREZKO PAUSOA:
Helburu pertsonalez aritu gara denbora guztian, baina badira zoriontsuago egin gaitzaketen bestelako helburuak. Aurten, egizu froga lagunekin denbora gehio pasatzen, gertukoekin harremanak zaintzen, irakurtzen, gustuko duzun hori ikasten, eskuzabala izaten, beharra dutenei laguntzen, eta orokorrean, giza loturak sendotzen.

ZORTE ON!!

Jaso aldizkaria

Urtean 22€

Kultur apur batek ez dizu kalte egingo. Zauden tokian zaudela jaso GAZTEZULO

Harpidetu

Newsletterra

Doan!

Jaso doan GAZTEZULO buletina eta gozatu eduki esklusiboekin!