Urte berriarekin batera berrikuntzak datoz GAZTEZULO aldizkarira

Hasteko, badakigu irakurleoi motz gelditzen zitzaizuela aldizkaria, gehiagorako gosez geratzen zinetela, zer dira ba 62 orrialde gustura irakurtzen ari zarenean? Horregatik hamar orrialde gehitu dizkiogu eta hilabete honetatik aurrera 72 orrialde izango ditu.
Hala ere lasai, berrikuntzak datozen arren zuen atal gustukoenak, hau da, aurretik zeuden guztiak, mantenduko dira. Horrela gurekin kolaboratzen jarraituko du Xabat Izagirrek MUNDUAN atalean gure planetako txokorik interesgarrienak erakutsiz, URRUTIKO INTXAURRAK atalarekin Euskal Herriko txoko ezkutuak ere ezagutzen jarraituko dugu, Egoitz Gonzalez teknologiaz arituko zaigu SAREZULO jada klasikoan, Exprai ilustratzaileak arkatzak ondo zorroztu ditu urte berriari gogor ekiteko, sexurik ez da faltako Kattalin Artolarekin, Beñat Rodriguez-ek bere JOYSTICK BI atalean bide-jokoen berri ematen jarraituko du eta Ane Irazabal munduko gatazkez arituko da MUNDUEN GERRAn. Horiez gain, Ane Urrutikoetxea eta Jaione Dagdrommer-ek gai anitz eta interesgarrienei buruzko erreportajeak eskainiko dituzte hilabetero eta noski, jada aurkezpenik behar ez duten ilustrazioen atala, LABEAN, SEXUMATOIA, ZORO SOZIALAK eta LEHIAKETA ere mantenduko dira.
Gure aldizkariaren ardatz den elkarrizketa nagusia ere bere horretan geratuko da, hori bai, Galder Izagirre argazkilariak agur esan digu eta bere ordez, Irantzu Pastor izango dugu, gogotsu bere ikuspegia guztioi erakusteko. Gure lehen protagonista Eider Iturriaga kontzertu argazkilaria da, ezagutu ezazu! Baina galdetuko duzu, orduan zein dira bada atal berriak?

Argazkia: Irantzu Pastor
Gure web guneko blogetatik ezagutzen duzuen “Gastroheroiak” aldizkarira egin du hegan. Oraitz Garciak gastronomia zalea dela dio, baina aditua dela esango duzu zuk berak aldizkarian ezagutzera emango dituen jatetxeetara hurbiltzen bazara. Beraz, adi, hilabetero sabela kalitatez betetzeko plan ezin hobeago bat eskainiko baitu SUKALDE KONTUAK atalak.
Kultura da GAZTEZULOren ardatz ordea eta horregatik, horietan sakontzeko zenbait atal berri dakartzagu:
PANTAILA HANDIAN / PANTAILA TXIKIAN ataletan Gaizka Izagirrek bere pelikula eta telesail kuttunak tartekatuko ditu hilabete bakoitzean. Atal horretan, gomendioak eskaintzeaz gain bitxikeria ugari ere aurkituko dituzu. Hemendik aurrera, zu izango zara kuadrillan lehena merezi duten pelikula eta telesailak ikusten.
Honekin lotuta, aldizkari bat garenez, paper eta letren xarma aldarrikatu nahi dugu. Horregatik, Maitane Legarreta, gure literatura adituaren eskutik, LUMAZAIN deitutako atala estreinatuko dugu. Bertan, bere liburu, idazle, esaldi, poema... gustukoenen aipamenak egongo dira eta baita beste hainbat bitxikeria eta hausnarketa interesgarri ere.
Baina GAZTEZULOn zerbait bagara, musikazaleak gara. Horregatik, NORBERE GOGORA atala eraberritu dugu. Gure inguruan aurkituko diren emanaldien agenda egin baino, musikaren inguruko hausnarketa ezin pertsonal bezain ederrak eskaintzeko Bud Letonaren eskutik. Ez galdu!
Gomendioez gain, kritiken tartea ere irekiko dugu, ikuspegi kritikoa ez baita sekula galdu behar, hori bai jakinik, kulturak dena duela subjektibotik. Horregatik, IRINTZIEN LABIRINTOA bezala bataiatu dugun kritiken txokoan disko, telesail eta pelikulen kritikak aurkituko dituzu Gaizka Izagirre, Elena Ripau, Beñat Antxustegi, Jaione Dagdrommer eta Musikatzenen eskutik.
Guztia borobiltzeko, argazkilari ezberdinak ezagutzeko parada eskainiko dizugu GAZTEZULOn. Horrela, lehen Galder Izagirreren fotografikoak zeuden tokia hemendik aurrera, hilabetero IRUDITAN ataleko orrialdeak argazkilari ezberdin batek mundu ikuspegiak beteko ditu. Urtarrileko aldizkarian Ekaitz Zilarmendi argazkilaria aurkitu ahal izango duzu, magia hutsa da bere unibertsoa!
Argazkia: Ekaitz Zilarmendi
Gaurtik salgai da GAZTEZULO eraberritua. Beraz, korri kioskora (edo erosi online), hartu eskuartean aldizkari mardula, usaindu bere berri usaina eta gozatu! Ez horregatik.