Urte berria libre hasi

Urte berria libre hasi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urte-berria-libre-hasi/@@download/image/81p14software1.jpg
2008/01/04
erreportajea
Gorka Julio
Ia urtero eskaintzen diogu artikulu bat software libreari eta atal hau jarraitzen duzuenok badakizue hori. Gaurko artikuluan software libreak ekarritako askatasunez ariko gara

Software libreak askatasun ugari eskaintzen dizkigu. Kontuan hartu behar dugu, gainera, euskararen kasua berezia dela, hizkuntza txikia izanda oso kasu gutxitan izango genukeelako euskarazko softwarea. Arrazoi ekonomiko hutsengatik, noski; ez bailitzateke oso interesgarria izango. Aldiz, software libreak ematen dizkigun askatasunei esker, edonork du euskarara itzultzeko aukera.

Software librearen askatasunak

Software bat librea izateko, lau baldintza bete behar ditu.
•
Edozein helbururekin exekutatzeko aukera.
•
Aztertzeko eta aldatzeko askatasuna; horretarako iturri kodea izatea beharrezkoa da.
•
Kopiatzeko askatasuna.
•
Hura hobetzeko eta hobekuntza horiek komunitatearen onurarako publiko egin ahal izateko askatasuna.

Programa libreak

Programa hauek hainbat sistema eragilerentzako bertsioak izaten dituzte. Hemen aipatutakoez gain, gehiago ere baduzue ondorengo webgunean: http://alts.homelinux.net/
•
Open Office (http://www.openoffice.org/). MS Office-ren baliokide librea da. Gainera, harekin egin daitezkeen gauza guztiak egin daitezke honekin ere, baita MS Office-k sortutako fitxategiak ireki ere. Euskarazko zuzentzailea badu.
•
VLC (http://www.videolan.org/vlc/). Mota askotako audio eta bideo fitxategiak (MPEG-1, MPEG-2, MPEG-4, DivX, mp3, ogg eta abar) entzuteko eta ikusteko balio duen tresna bikaina. Euskaraz ere badugu.
•
Firefox (http://www.mozilla-europe.org/eu/). Interneten ibiltzeko nabigatzaile onenetarikoa da, onena ez bada. Internet Explorer baino seguruagoa eta azkarragoa da. Euskaraz ere badago, eta, gehigarrien bitartez, haren funtzionaltasuna hobe daiteke.
•
Thunderbird (http://www.mozilla-europe.org/eu/products/thunderbird/). Posta elektronikoa kudeatzeko programa ona. Outlook Expressen ordezkorik onenetarikoa da Thunderbird, eta euskaraz ere badugu.
•
Pidgin (http://www.pidgin.im/). Berehalako mezularitza sistemekin aldi berean konektatzeko aukera ematen duen programa. MSN Messenger, Yahoo Messenger, AIM, Google Talk eta abar onartzen ditu, besteak beste.
•
Gimp (http://www.gimp.org/). Euskaraz ere badago irudi ediziorako programa hau. Photoshop-enaren antzeko tresneria eta erabilera ditu, eta kalitate aldetik ere, ez da hura baino okerragoa.

GNU/Linux

Banaketa (sistema eragilea eta hark ekartzen dituen programak) asko eta ezberdinak dauden arren, azken aldian ezagunena eta erabiliena Ubuntu da. Banaketaren izena Hego Afrikako Ubuntu kontzeptutik hartu dute: gutxi gorabehera, Besteekiko humanitatea esan nahi du. Ubuntuk, sei hilabetero, bertsio berria kaleratzen du, eta laguntza ondorengo 18 hilabeteetan izaten da indarrean. Beraz, Ubunturen erdi mailako erabiltzaileak aise lor dezake instalazio erabilerraz, egonkor eta eguneratu bat.

HARRITU GAITU


Sare sozialak. Interneteko sare sozialetan —oso modan daude— zenbat euskaldun dabiltzan jakiteak harritu egin gaitu. Facebook-en (http://www.facebook.com), interes pertsonalengatik, profesionalengatik edo beste arrazoi batzuengatik elkar ezagututako jendeak parte hartzen du, eta bertan euskaldun talde garrantzitsu bat dago. Era berean, Twitter sare sozialaren inguruan dabiltzan euskaldunak http://www.txioka.net inguruan elkartzen hasi dira. 

KATXONDOENA



Jantzi bitxia. Jendearen irudimenak ez du mugarik. Joo Youn Paeg diseinatzaileak jantzi puzgarri bat sortu du, aulki bihurtzeko aukera ere ematen duena. Oinez ibiltzeaz aspertuta bazaude, beraz, eseri egin zaitezke jantzi honetan, hura puzten duten zapatiletako bonbei esker. Jantzia Unravel moda ekitaldian erakutsi zuten, eta hemen topatuko duzu: http://www.we-make-money-not-art.com/archives/009660.php 

INFORMAZIO BILA


Wikiversity. Wikiversity webguneak (http://www.wikiversity.com) wikipediak erabilitako parte hartze sistema bera erabiltzen du, baina ikas materiala eta proiektuak elkarlanean sortzeko. Edonork parte har dezake edukiak sortuta edo jasota. Horretarako, hainbat talde eta foro daude. Unibertsitate libre eta ireki honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.