Urte askotarako!

Urte askotarako! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urte-askotarako-2/@@download/image/48p36-1_1366973762.jpg
2005/01/07
erreportajea
Urte askotarako!
 5. urteurrenaren karietara, Tolosako Bonberenea gaztetxeak hainbat ekitaldi antolatu zituen abenduan. GAZTETXULOtarrak han izan ginen, Euskal Herrian autogestioaren arloan eredu bihurtu den esperientziaren berri izateko.    

Tolosa herria mugimendu askoren epizentro izan da beti. 80ko hamarkada hasieran, gaztetxeen mugimendua gori-gori zegoela, istiluak izan ziren herrian, gazteek okupatutako Gaztetxea zela-eta. Garai berean, Tolosaldea astindu zuen beste gertakari bat Leitzarango autobiaren afera izan zen.

Musikaren alorrean ere fruitu asko eman ditu Gipuzkoako herri honek. 80ko hamarkadan Tortura Sistematica eta Bukaera hardcore-punk musika talde aitzindariak sortu ziren bertan, eta 90eko hamarkadan, Ruido de Rabia eta Deabruak Teilatuetan taldeen txanda izan zen. Egun, Lobo Electrico eta Bide Ertzean talde indartsuen sehaska da Tolosa. Biak ere, jo eta su ari dira kontzertuak eman eta eman.

Zergatik aipatu ditugun aspaldiko kontu horiek guztiak? Bada, gaur egun, iraganeko espiritu borrokalari hori indarberrituta arnas daitekeelako Tolosako Bonberenea gaztetxean. Belaunaldien arteko soka ez da eten 5. urteurrena bete berri duen gaztetxe horretan. Benetan: merezi du gaztetxera hurbiltzeak eta Bonberenea bertatik bertara ezagutzeak. Otsaileko inauteriak izan daitezke horretarako aukera egokia. Bien bitartean, mozorroen festa heldu arte, orrialdeotako argazki-erreportajearekin konformatu beharko duzue.

Hamaika proiektu bat eginda



1997an Tolosako gazteek suhiltzaileen egoitza izandakoa okupatu zuten —hortik dator Bonberenea izena—. Lokal hartatik indarrez kanporatu zituzten, eta batetik bestera ibili ziren egungo lokalera iritsi arte. Egungo etxera helduta, astindu ederra eman zioten hautsak hartutako eraikuntza zaharrari. “Asanblean erabakitzen ditugu gure proiektu guztiak, eta autogestioa da funtzionamenduaren oinarria”, diosku Patxik, Bonbereneako kideak, “proiektu guztiak elkarrekin eztabaidatu eta adosten ditugu. Horrela aritu izan gara beti”.
Izan ere, azpimarratzeko moduko hamaika proiektu gauzatzen ari dira Bonberenean. Gaztetxearen lehen solairuan kontzertuetarako aretoa, eskalatzeko rokodromoa, eta skatean aritzeko pista dute. Bigarren solairuak bi gune ditu: batetik, hitzaldietarako eta zinema emanaldietarako aretoa dago, eta bestetik, musika estudioa. Estudio horretan egiten dira gaztetxeak kaleratutako taldeen grabazioak.
Orain arte, Bonberenea Produkzioak zigiluak sei disko kaleratu ditu: “Kontroversielefilms” (Gutural taldea), “Leihotik begira zai” (Humus), “10 programa Gaitzokian” (Izaera), “¿Has visto al lobo electrico?” (Lobo Electrico), “Martxaundi” (Tolosako musika taldeen bilduma), “Oztopo guztien gainetik” bilduma, eta “Tanta” (Tanta).
Hirugarren solairuan ere denetarik dago: sukaldea eta jangela, liburutegia... Kanpoko terrazan, aldiz, igerileku txiki bat –igerilekua, bai!- paratu dute uda parteko egun sargoritsuetarako.