Urruzuno Literatur Lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Hezkuntza Sailak 2023-2024 ikasturteko Urruzuno Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki du. Prosa zein poesia lanak aurkez daitezke, euskaraz idatziak eta originalak, otsailaren 29ra bitarte.
A kategorian Batxilergoko 1. eta 2. mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek parte har dezakete, eta B kategorian, berriz, DBHko 3. eta 4. mailakoak.
Lanak eskabide-orriarekin batera aurkeztuko dira, word formatuan, helbide honetan, otsailaren 29ra arteko tartean. Lanaren lehen orrialdean lanaren izenburua, egilearen ezizena, arloa eta kategoria jarriko dira soilik.
Aurkezten diren lan guztietatik, hogei lanik onenak sarituko dira, hamar kategoria bakoitzean, bost prosa-lan eta bost poesia-lan. Epaimahaiak honako irizpideak izango ditu kontuan lanen aukeraketa egiteko garaian: irudimena eta sormena; testuaren ezaugarri literarioak; testuaren arintasuna eta koherentzia/kohesioa, eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.
Sarien ebazpena ekainean jakinaraziko diete interesatuei. Saria bost eguneko egonaldia izango da. Egonaldian, idaztearekin zerikusia duten lanketak egiteaz gain, hainbat euskal artista eta Euskal Herriko toki gertu-gertutik ezagutuko dituzte. Gazteek euskal idazle bat izango dute laguntzaile. Egonaldia 2024ko abuztuaren 26tik 30era egingo da. Bestetik, Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lanekin, Sagastiberri bilduman.
Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertzeko asmoz, lan-kopururik handiena aurkeztu duten bost ikastetxeak ere saritu egingo dira. Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango dute ikastetxe horiek.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.