Urrunera begiratzeko helburua du CAF-Elhuyar sariketaren edizio berriak
CAF-Elhuyar sariketak zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu, eta 2023ko edizioaren leloa Begiratu urrunera izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, Isaac Newtonen "urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da” esaldia du abiapuntu leloak: "Hain zuzen ere, hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko". Beraz, zientzialariak eta zientziazaleak, gaur egungo talaiatik abiatuta, kultura zientifikoa hedatzera eta urrunera begiratzera bultzatu nahi dituzte.
Alde batetik, dibulgazio artikulu originalak aurkez daitezke, izan dibulgazio-artikulu orokorrak edo doktore-tesian oinarritutakoak. Bi kategoria horietako irabazleek 2.000 euroko saria lortuko dute, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.Beste aldetik, zientzia-kazetaritza arloko lanak bidal daitezke. Irabazleak aurrekoen sari bera jasoko du.
Azkenik, sorkuntza-beka ere bada, zientziaren edo teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuentzat. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura garatzeko, eta baita eskultura ere. Horrez gain, bi mila euroko balioa duen NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari.
Lanak otsailaren seira arte bidal daitezke cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidera.

