Urriaren 3an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Urriaren 3an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Durangon emango diote hasiera txapelketari urriko lehen igandean, eta finala abenduaren 18an izango da Bilbon. Sarrerak salgai daude jada. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urriaren-3an-abiatuko-da-bizkaiko-bertsolari-txapelketa/@@download/image/31411844047_80d738dc5c_c.jpg
2021/09/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Durangon emango diote hasiera txapelketari urriko lehen igandean, eta finala abenduaren 18an izango da Bilbon. Sarrerak salgai daude jada.
Urriaren 3an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 3an hasiko da Durangon eta Bilbon amaituko du bere ibilbidea abenduaren 18an. Sei kanporaketa saiok, hiru finalaurrek eta finalak osatuko dute txapelketa. Saioak honela banatuko dituzte kokalekuari dagokionez: kanporaketakoak Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon izango dira; finalaurreak Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun; eta finala Bilboko Bilbao Arenan.

36 bertsolarik kantatuko dute kanporaketetan, sailkatutako 28 bertsolarik eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten beste zortzik. Horietatik hamar sailkatuko dira finalaurreko saioetara eta aurreko txapelketako finalistekin batera arituko dira. Finalaurretako hiru irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak iritsiko dira finalera. Parte hartuko duten 44 bertsolarien artean izango dira Onintza Enbeita gaur egungo txapelduna, Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal, besteak beste. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, "bertsogintzari arnasa berria ematea, bertsolaria etxean bezala sentiaraztea eta bertsozaleak gozatzea" du txapelketak helburu.

Sarrerak salgai
Aforo kontuak direla eta, antolakuntzak sarrerak Internetez erosteko gomendioa egin du. Sarrerak Bertso Sarrerak webgunean eskura daitezke. Interneteko salmentaren ondoren sarrerarik geratzen bada, saioaren egunean bertan zabalduko dute tokian tokiko txarteldegia, 16:00etatik aurrera. Saioetan pandemiaren eraginez ezarritako neurriak errespetatzeko ere eskatu dute, guztion osasunaren eta zaintzaren alde.

Bizkaiko Txapelketaz gain, Nafarroakoa eta Iparraldeko Xilaba ere martxan dira udazken honetan.