Urriaren 30etik azaroaren 5era izango da Galdakaoko Sormene
Galdakaoko Sormene jaialdiak kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izatea du helburu. Euskarazko askotariko kultur adierazpideak hartzen ditu aintzat: literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak...
Sormene proiektuaren udazkeneko edizioa urriaren 30ean hasiko da eta azaroaren 5era arte iraungo du. Emakume musikariei buruzko solasaldia egingo dute lehen egunean, Genealogia berri bat izenburuarekin. Hauexek izango dira parte-hartzaileak: Garazi Navas, Maria Rivero, Lide Hernando eta Aintzane Camara. Ihintza Orbegozo dinamizatzaile lanetan arituko da. Mahai-ingurua Torrezabalen izango da, 19:00etatik aurrera.
Hurrengo egunean, urriaren 31n, Metrokoadroka Sormen Laborategiak antzerki tailerrak egingo ditu ikastetxeetan. Metrokoadrokak Zeozertan dabil baina ez daki zertan antzezlana ere taularatuko du azaroaren 2an, 19:00etan, Torrezabalen.

Maixa Lizarribar trikilari eta panderojoleak pandero tailerra emango du ikasleentzat, azaroaren 3an, Iturrondoko karpan. Arratsaldean, 19:00etan, bertso saioa izango da, toki berean, Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate eta Oihane Perearekin. Maite Berriozabal arituko da gai-jartzaile lanetan. Gauean, 22:00etan, Ibil Bediren kontzertua izango da.
Hurrengo egunean, azaroaren 4an, ez dute emanaldirik antolatu, ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko manifestazioan.
Azaroaren 5ean, eguerdiko hamabietan, perkusio instrumentuak sortu eta jotzeko tailerra egingo dute ume eta gurasoentzat. Libe Azkenik, 19:00etan, Libe Goitiaren Fas Fatum liburuko poemetan oinarritutako kontzertua egingo dute. Libe Goitiak, Ane Legarretak, Haize Huegunek, Izaskun Simonek, Begoña Rodriguezek, Natalia Sanchezek, Maider Legarretak, Elena Uribarrik eta Garazi Arresek parte hartuko dute.
