Urri osoan zehar, Getxoarte

Urri osoan zehar, Getxoarte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urri-osoan-zehar-getxoarte/@@download/image/getxoarte_2013_1380530146.jpg
2013/09/30
berria
Urriaren 1ean hasi eta hilaren 31ra bitarte Arte Ederretako ikasleek osatutako lanez apainduko dituzte Algorta, Areeta eta Romoko merkataritza eta ostalaritza zentroak. Bi urtean behin egiten den jaialdiak artea herritarrengana hurbilduko du.


Euskal sorkuntza garaikidea erakusketa aretoetatik atera eta herritarren ohiko espazioetara eramateko helburuz sortu zen Getxoarte, baita euskal artista gazteei beren lanak erakusteko bide berriak eskaintzeko asmoz ere. GetxoAktibatu! iniziatibaren baitan kokatzen da, hain zuzen, kirol, kultur eta aisialdi jarduerak bultzatzea baitu helburu ekimenak.

Aurtengo edizioan 47 euskal artistak hartuko dute parte, Leioako Arte Ederren Fakultatean ikasten dute gehienek, eta beren lanak Algortako 30 bat, Areetako hamabost eta Romoko hiru dendetako erakusleiho eta tabernetan jarriko dituzte ikusgai urriaren 1etik 31ra. Pinturak, marrazkiak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, grabatuak, eskulturak… arte kontzeptuala izango dute oinarri.

Halaber, hilaren 17 eta 19an, Algortako kultur etxetik abiatuta bisita gidatuak egingo dituzte erakusleiho eta aretoetan barrena, arte garaikidea ulertzeko lagungarriak izango diren azalpenak emanez. Aukera polita izango da arteaz hurbiletik eta doan gozatzeko!