Urpeko lakuak

Bostok lakuan, Antartidako glaziarpeko lakurik handienean, bakteria biziak aurkitu ditu Errusiako ikerlari talde batek. Izotzean 4.000 metro luzeko zuloa egin behar izan dute 15.000 kilometro karratu dituen lakuraino iristeko; handik ateratako ura San Petersburgoko Fisika Nuklearreko Fakultatera eraman dute aztertzera, eta beste inon ez dauden izaki bizidunak aurkitu dituztela ziurtatu dute zientzialariek. Errusiarrek 1956an ezarri zuten Bostok Estazioa Antartidan, eta zundaketa sismikoen bidez jakin zuten haren azpian, izozpean, ur masa ikaragarria zegoela, iraganean lurrazaleko aintzira izandakoa.