Urko eta Zigor Gonzalez Errazkin: "Munduan ez dago paradisurik"

Urko eta Zigor Gonzalez Errazkin: "Munduan ez dago paradisurik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urko-eta-zigor-gonzalez-errazkin-quotmunduan-ez-dago-paradisurikquot/@@download/image/21p16-1.jpg
2002/07/05
elkarrizketa
Jon Odriozola
Urko eta Zigor Gonzalez Errazkin: "Munduan ez dago paradisurik"
Nahikoa lan izango genuke haiek egondako herriak, uharteak eta itsasoak atlas batean kokatzen. Hamazazpi urte pasatu zituzten munduan zehar nabigatzen gurasoekin. Urko eta Zigor Gonzalez Errazkin (28 eta 27 urte) abiatu zirenean mutil kozkorrak ziren eta egun, berriz, Elkanori ere koloreak aterako lizkiokete. Ia bi urte igaro dira Hondarribian aingura bota zutenetik. 

Kaxiano zenaren kantu ezagunena zuengan oi-narrituta dagoela dirudi: "Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora naramate eta ez dakit nora…"
Z. Gure bizitza definitzeko aproposa da. Orduan zortzi eta bederatzi urte genituenez, jolasa izan zen. Goizez amak klaseak ematen zizkigun itsasontzian. Arratsaldez, berriz, gure kasa. Haur batentzat, ametsa.

Lagunak lehorrean uztea gogorra izan al zen?
U. Apur bat, bai. Dena dela, bidaian bizpahiru aldiz hona itzuli ginen eta egonaldi laburrak egin genituen. Esperientzia aitak itsasoa gogoko zuelako hasi zen. Hasieran, belauntzi txiki batekin, helburua ez zen munduari bira ematea, bizimodua aldatzea baizik.

Beraz, Hertzainak-ekoek zioten bezala, "bi minutuero herri mina", nekez.
Z. Ezertxo ere ez. Hasieran tarteka senideez gogoratzen ginen, eta eguberrietan haiekin bildu ezin izanak halako malenkonia eragiten zigun, baina denborarekin malenkonia hura galdu egin zen. Geure urtebetetzeez ere ez ginen oroitzen!

Asko nabigatu zenuten, eta ez internetetik hain zuzen ere…  
U. Munduko leku askotan egon ginen: Amazonian, Kariben, Malasian… Guatemalan, esaterako, bertako gerra zibil garaian, sei urte pasatu genituen. Denbora gehien igaro genuen tokia izan zen Guatemala. Han belauntzia saldu eta katamarana eraiki genuen. Lortzen genuen lanaren eta tokian-tokiko jendearen arabera egiten genituen egonaldiak. Jendearen berotasuna ezinbestekoa da; herrien eta paisaien edertasuna, berriz, bigarren mailakoa.

Eta lanean, zertan?
Z. Frantses sendagile batzuek, hiru hilabetetan, dentista lanak irakatsi zizkiguten eta uharteetara iristen ginenean, horretan jarduten genuen. Eginikoa izugarri eskertzen ziguten. Herri txiroetan ez dute ezer ere izango, baina leku horietan ez genuen katarro triste bat ere harrapatu. Hemen, berriz, txertoak hartu behar izan ditugu. 

Jende asko ezagutu zenuten, beraz.

U. Jende jator askorekin topo egin genuen. Panaman, adibidez, Alberto ezagutu genuen, Itsaso Barean urtebete egurrezko enbor batean igaro zuen argentinarra. Nolako balentria!
Z. Polinesiako jendea eta bertako kultura oso gogoko ditut. Uneoro ehizean, kirola egiten… aritzen baitira. Lagunari guzti-guztia ematen diote, oso eskuzabalak dira. Guatemalako lagun batek, bestalde, alabari Eneritz Ainhoa jarri zion izena. 

1901ean, balea agertu zen "Orioko herriko barraren aurrean". Hamaika arrain ikusiak izango zarete…
U. Harrigarriena, behin, arrezife batean ikusiriko marrazo antzeko bat izan zen. Zer zen hura! Han-hemenka oso arrain bitxiak ikusiak gara; arrunt itsusiak asko! Badaezpada ere, ez genituen jaten. Hala ere, plater bitxiak jan genituen. Nik, adibidez, saguzar handia koko esneaz lagunduta jan nuen behin.

Bidaiatzea eurozentrismoaren aurkako botikarik onena al da?
Z. Bai, noski! Kanpora irtetea beharrezkoa da, ireki egiten baitzara. Baina turismoa indarrean dagoen leku batean, akabo, jendea negozioaren atzetik ibiltzen baita.

Hamaika hizkuntza, dozenaka kultura… Jacques Coustauren marka guztiak hautsiko zenituzten, ezta?
Z. Ez dakit, bada! Dena dela, berak izurde artean ez zela marrazorik izaten zioen. Guk, aldiz, ikusi izan ditugu. Hanka sartu zuen! Hala ere, ikusi duguna ikusita, orain Euskal Herria ezagutu nahi dugu…

Britainia Handiko agentzia batek Kanariar Uharteetan 18-30 urteko gazte ingelesei mozkortzeko eta txortan egiteko eskaintza egiten die. Turismo hau indarrean al dago?
U. Erabat, eta Thailandian eta Filipinetan muturrera eramanda. Sexua tartean dagoenean, oihartzun handia izaten da, eta era horretako irudiak eskaintzen dizkigute bertara joan gaitezen. Hala ere, zorionez, kultura eta abenturazalerik ere bada.

Hain mundu globalizatu honetan, ba al dago paradisurik? 
Z. Ez dut bat ere ezagutzen. Paradisua hutsik dagoen uhartea bada, egon badago, baina aspertzean, zer?  Beraz, bidaiatzeko Kanada, Polinesia eta Turkia gomendatzen ditut.