Uretara!

Uretara! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uretara/@@download/image/21pna_1369858151.jpg
2002/07/05
erreportajea
Uda da itsas kirolak praktikatzeko urtarorik egokiena. Horrez gain, Euskal Herriko kostaldea leku aproposa da surfa, urpekaritza eta bestelako kirolak egiteko… Goazen uretara! 


Optimist untzia



Bela arina egiteko era ugari daude, eta optimist untzia (2,10 metrokoa) aproposena da 8 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat. Kirol honek arduratsua izatea eskatzen du. Izan ere, nabigatzea ez da lan bakarra; untzia muntatu, itsasoratu eta zaindu ere egin behar da. Hendaian, Sokoan, Hondarribian, Getarian, Donostian, Getxon (Areetan) eta Gasteizen (Uribarri-Ganboan) kirol hau ikasteko eskolak daude. Ikastaroak 150-800 euro inguru balio du, eskolaren arabera, eta untzia eta materialea urtebetez eman ohi dizkiete ikasleei.

Kirola gustatu eta materialea erosi nahi izanez gero, beharrezkoak dira, gutxienez, neopreonozko jantzia (120-300 euro) eta salbamendu txalekoa (40). Optimist berriak 2.700 inguru balio du, baina hala ere, bela federazioek interesik gabeko finantziazioa eskaini ohi dute eta, bi urtez, hilean 72 euro ordainduta, optimist untzia eskura daiteke. Horrez gain, bigarren eskuko untzia eta materialea har daiteke, dena 600 bat euroren truke.

Vaurien untzia



Bela arineko beste modalitate hau 15 urtetik gorakoek egiten dute. Vaurien-a lau metroko untzia da. Optimistean ez bezala, untzian bi kide doaz, eta elkar ondo ulertzeak berebiziko garrantzia du. Zaletasun handia eskatzen du eta baita azpiegitura sendoa ere, untziak eta tresnak lekuz aldatzeko. Horretarako, Hendaia, Sokoa, Getaria, Donostia, Getxo eta Gasteizko eskolak harremanetan daude euren artean. Vaurinean eta optimistean aritzeko ikastaroen eta materialearen prezioak berdintsuak dira. Vaurien untzia, ordea, garestiagoa da, 4.200-6.000 euro inguru balio du eta. Oraingoan ere bela federazioek diru laguntzak ematen dituzte, eta bigarren eskukoak 1800 eurotan lor daitezke.

Piraguismoa



Kirol erraza, segurua eta dibertigarria dugu piraguismoa, eta sorbaldak indartzeko aproposa da. Ez du azpiegitura handirik behar, eta behin ikasita, bakarrik aritu zaitezke nonahi: ur lasterrak jaitsi, kostaldea inguratu, lakuak zeharkatu, olatuak hartu… hamaika aukera daude.  Euskal Herrian eskola ugari ditugu: Lekeitio, Getxo, Urdaibai, Zumaia, Aretxabaleta, Plentzia, Donostia, Gasteiz, Hondarribia, Irun... Ikastaroak urte osoan egiten dira, eta adibidez, Donostiako Nautikoan, uda honetan, 15 ordukoak 33 euro balio du 8 eta 16 urte bitartekoentzat, eta 45 euro 16 urtetik gorakoentzat. Piragua berria 420 bat eurotan eros dezakezu eta 180tan bigarren eskukoa. Txalekoa eta pala ere erosi behar dira, (palak 60 euro balio du).

Surfa



Euskal Herriak olatuak hartzeko toki ederrak ditu: Areeta, Sopela, Deba, Zarautz, Donibane-Lohizune, Bidarte… eta zeresanik ez, Mundaka, munduko olaturik onenetarikoak baititu, adituen esanetan. Izan ere, WCT Munduko Txapelketa Hawai, Tahiti, Australia, Kalifornia eta Mundakan egiten da. Surf eskola ugari daude aipaturiko tokietan, eta udan ikastaroak egin ohi dituzte. Praktikatzeko, udan, taula, parafina (ez irristatzeko) eta taula ez galtzeko inbentoa besterik ez dira behar. Neguan, ordea, hiruzpalau milimetroko neoprenozko jantzia behar da. Ekipo osoak 600 euro inguru balio du, baina dena den, kirol honetan bigarren eskuko merkatu zabala dago, eta prezio erdian ere dena eskura daiteke. 

Urpekaritza



Urpekaritzak itsaspean murgitzeko eta mundu berri bat ezagutzeko parada ematen du. Kirol hau egiteko, ezinbestekoa da ikastaroa egitea eta urpekari agiria lortzea, bizitza osoan eta munduko edozein lekutan urperatzeko balio duena. Ikastaroa egiteko, "Buceo Taldea"-k Iruñea, Donostia, Bilbo eta Mutrikun egoitzak ditu, eta 330 euro ordainduz gero, agiria bi astetan lor daiteke. Urpekaritza egiten duten taldeek irteerak antolatu ohi dituzte. Gehiago sakondu nahi izanez gero, bestelako ikastaroak egin daitezke, gauez urperatzeko, orientatzeko edo izotzean egiteko, adibidez.

Buceo Donosti taldekoek adierazi digutenez, urpekari ekipoa osatzeko, flotazioa kontrolatzeko txalekoa, botila, erregulatzailea, neoprenozko jantzia, eta sakonera, airea eta denbora kontrolatzeko bestelako instrumentuak behar dira, aletak eta betaurrekoak ahaztu barik, noski. Ekipo osoak 600 eurotik gora balio du. Dena den, irtenaldietarako, ekipoa 25 eurotan aloka daiteke.