Uretako lorazainen kultura

Uretako lorazainen kultura https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uretako-lorazainen-kultura/@@download/image/gaztezulo_mundu_1465219159.jpg
2016/06/10
erreportajea
Testua eta argazkiak: Jon Goikouria Larrabeiti
Frantziako mendebaldeak edozein paradisuk bete behar dituen osagarriak ditu: are fineko hondartzak, iluntze liluragarriak, istorio ahaztezinak eta, batez ere, gastronomiaren inguruan sortu den kultura erakargarria. Egun batzuez itsasoaren kresalaz gozatzeko ibilbide gastro-kulturala proposatzen dizugu.

Landetako Pinus Pinasterrez osaturiko baso izugarriak atzean utziz, Arroxela hiriak ongi etorria ematen digu. Roche hitzak arkaitza esan nahi du frantsesez, eta Rochellak arroka txikia. Protestantismoaren hiri galiar erakusgarria izan zen Erdi Aroan. Hiriaren kokagune estrategikoak eta portuaren sarbideko bi dorreek kameren lehen argazkiak eragiten dituzte. Gaur egun, 76.850 biztanlez osatutako hiri jendetsu eta irekia da eta, egun batean goitik behera ikus daitekeen arren, alde zaharretik paseatzea eta bertako azoketako produktu freskoen usainaz gozatzea derrigorrezkoa da.

Esaten dute Frantziako produkturik esanguratsuenak ardoa eta gazta direla, baina jende askok ez daki Frantziako mendebaldean badirela uretako lorazainak eta mundu osoan zehar oso preziatuak diren altxor izugarriak.

Charente Maritime eta Vendée departamentuak arrantzatik eta bereziki ostrikulturatik bizi dira; ostrak hezitzeko tradizioaz, alegia. Oleron irlatik Noirmoutierrera doan 260 kilometro baino gehiagoko kostaldea benetan interesgarria da, bertako arrantzaleak ostrak ekoizteaz eta munduko bazter guztietara banatzeaz arduratzen baitira.



175 km2 ditu Oleronek, eta bertan topa daitezken herrixken artean La Cotiniere eta Boyardville daude. La Cotiniere herri arrantzalea da, eta bertako portuak zur eta lur uzten ditu bisitariak. Oso gomendagarria da portu inguruko jatetxeetan bertan arrantzatzen duten arrain freskoa jatea. Boyardvillen, ostera, historia da nagusi. Kostaldetik kilometro batzuetara Fort Boyard izeneko gotorlekua dago, Napoleon Bonapartek eraikitzea agindu zuen kartzela. Espainian famatua egin zen 2001ean Telecinco telebista kateak izen bera zuen abentura-programa estreinatu zuenean. Oleronen ekialdean padura ugari daude eta bertako errepide ertzak koloredun arrantzaleen etxola zaharrez josita daude. Horietako asko, gaur egun artisten lonja edo estudio bihurtu dira.

Iparralderago, Re irla dago. Birjinagoa. 6.000 eta 8.000 ostra tona ekoizten dituzte urtero Ren. Estatu frantseseko ostren produkzioa 130.000 tonakoa izanik, irla honen ekoizpen-maila harro egoteko modukoa da, 85,32 km2ko azalera baino ez baitu. Esaten dute bertako gatz apur batek Renen bizitako esperientzia burura ekar diezaiokeela turista bati.

Oleron eta Re ezin dira azkar batean bisitatu. Irla bakoitzak bere denbora behar du, eta aukerarik onena bertako bidegorriak bizikletaz disfrutatzea da. Ez dago inolako aldaparik eta txirrindularientzat egokituriko bideek gatzagen artetik daramatzate turistak, errepide nagusietatik urrun.

Zenbat eta iparralderago joan, orduan eta nabariagoa izango da deskonexioa. Ez da inolako zaratarik entzuten, autobiak landa errepide txiki bilakatzen dira eta entzuten zen ingeles estandarrak betirako agur esaten digu. Vendée departamentura heltzean turismoa nabarmenki desagertzen da eta bide ertzean behiak baino ez dituzu ikusiko.

Ez dago hotelik. Horregatik, oso gomendagarria da Angles bezalako urrutiko herrixkako kanpinetan gaua igarotzea, gau itxiaren isiltasunaz gozatzeko, lasaitasunaren jabe izateko. Gainera, zibilizaziotik urrun egonda, ordaindu beharreko prezioak sinbolikoak izaten ohi dira. Egunean zehar, Anglesetik zazpi bat kilometrora Les Conches bezalako are fineko hondartzak daude eta horietako batzuetara animaliak eramateko aukera dago.

Autoan sartu eta iparralderuntz gidatuz, Noirmoutier irlara helduko gara, Re irlako ostra-kulturaren esentzia berdintsua duena, baina are basatiagoa. Ostra ekoizpenaren tradizioa erruz ezarria dago, eta ostrak hazteaz ez ezik, horiek garbitzeaz arduratzen diren lantegitxoak ere badaude. Gainera, oso normala da lantegi hauen parean itsasotik ekarri berriak diren ostra fresko horiek jatetxe inprobisatu batean saltzea. Horren adibidea Bonhommeko portua da, antzinako etxolen artean ikus daitekeen ostra lantegi-jatetxea.

Noirmoutierrera Passage du Gois izeneko errepide arraro batetik igarotzen dira autoak eta bideko seinale bertikalak algaz estalita daude. Astebururo, itsasbehera denean, bertako jendeak paduretara jotzen du ostren eta muskuiluen bila. Eszena xelebrea bezain normala da familiak hondartzako tramankuluz horniturik muskuilu bila makurtuta ikustea. Jende horren artean, badago txirla bila ari den senar-emazteak eta euren seme helduak osaturiko familia japoniar bat. Bertara hurbiltzean eta hor egotearen zergatia galdetzean, hurrengoa erantzun dute: "Gure bizitzako denbora gehiena Japonian igaro ondoren, duela urte batzuk hona etorri ginen oporretan. Ostren eta txirlen tradizio honetaz jabetu ginenean, dena bertan behera utzi, etxea erosi genuen Noirmoutierren eta horretatik bizi gara gaur egun".

Itsasoak gora egiten duenean, jendea autoetan sartu eta ezer gertatu ez balitz bezala etxera bueltatzen da. Passage du Gois urak guztiz estaltzen du eta ez dago bide beretik etxera bueltatzeko modurik.