Urdulizen eta Durangon izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko lehenengo saioak
Udabarria Bertsotan sailkapen faseko lehen saioak jokatuko dira bihar Urdulizko kultur etxean eta Durangoko Plateruena Kultur Aterpean. Bi saioak arratsaldeko sei eta erdietan hasiko dira.
Urdulizen honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo), Igor Galarza Intxausti (Abadiño), Illart Gumuzio Larrazabal (Igorre), Jone Larrinaga Dañobeitia (Mungia) eta Maider Altuna Urbina (Arrigorriaga).
Beñat Vidal Gurrutxaga arituko da gaiak jartzen eta Ander Txakartegi Basterretxea, Graxi Arregi Leonardo eta Jurgi Fuentes Goikoetxea epaile lanetan. Ariane Elejabarrieta Amorrortu izango da idazkaria.
Bestalde, Durangoko saioan Araitz Katarain Mugarza (Mallabia), Arkaitz Zipitria Mendizabal (Arrigorriaga), Bikain Urkiri Etxebarria (Ondarroa), Imanol Arrutia Azkueta (Zalla), Peru Irastortza Santxo (Getxo) eta Unai Mendiburu Valor (Algorta) bertsolariek hartuko dute parte.
Itxaro Juaristi Olaetxea izango da gai-jartzailea eta epaimahaia, berriz, honako hauek osatuko dute: Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre eta Miriam Juaristi Urizar. Itziar Basterretxea Olarreaga arituko da idazkari lanetan.
Hurrengo saioak
Fase honetan zortzi saio jokatuko dira guztira, lau egunetan. Hauek izango dira gainerako hitzorduak: maiatzaren 11n, 18:30ean, Diman eta Muxikan; maiatzaren 18an, 18:30ean, Aulestin eta Sopelan; eta maiatzaren 25ean, 18:30ean, Busturian eta Zallan.
Saioetarako sarrerak salgai
Saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Sarrerarik geratuko balitz, saioak jokatuko diren egunean bertan txarteldegian eskuratu ahal izango dira, 18:00etan. Sarrerak hiru euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkideek bi euroan izango dute, eta 18 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango.
