'Urak aske' dokumentala estreinatuko da martxoaren 10ean Donostian

'Urak aske' dokumentala estreinatuko da martxoaren 10ean Donostian Artikutza eta Vezins urtegiak husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak kontatzen ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urak-aske-dokumentala-martxoaren-10ean-estreinatuko-da-donostian/@@download/image/frame02.jpg
2022/03/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Artikutza eta Vezins urtegiak husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak kontatzen ditu.
'Urak aske' dokumentala estreinatuko da martxoaren 10ean Donostian

Pixelek eta Elhuyarrek ekoiztutako Urak aske dokumentalak "naturarekin dugun harremanari buruz" hausnartzen du, eta "etorkizunean biodibertsitatea zaintzen segitzeko zer bide egin behar genukeen" irudikatzen laguntzen duela adierazi du Elhuyarrek. Artikutza (Nafarroa) eta Vezins (Normandia) urtegi handiak husteko eta bertako presak kentzeko emandako pausoak azaltzen ditu ikus-entzunezkoak. 

Vezins eta Artikutza 800 kilometrok banatzen dituzte eta bietako lanak aldi berean egin dira, baina ez modu berean. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen duen. 

Goizuetako Artikutza, Urumearen arroaren goialdean, mende luzez ustiatu zuten intentsiboki. XX. mendearen hasieran Donostiako Udalak erosi zuen, hiriko ur-horniketa beharrak asetzeko. Añarbeko urtegia egin ondoren, ordea, funtziorik gabe geratu zen, eta 2017an husten hasi ziren, natura leheneratzeko asmoz. Oso poliki egin ziren lan horiek, eta, hasierako inpaktuaren ondotik, naturak berreskuratu egin du hamarkada luzez urpean egondako eremua. Paretak, ordea, zutik dirau oraindik, presa kentzeko prozesua hasieran uste baino arazo gehiago ematen ari baita.

Presak kendu, ibaiak berreskuratu leloa duen dokumentalak 74 minutuko iraupena du, eta Elhuyarrek azaldu duenez, "naturarekin dugun harremanean pentsarazten digu". Urtegiaren hustuketaren eta naturaren leheneratze-prozesuaren arteko lotura ere irudikatzen da film luzean, Miren Gojenola Arriagak zuzendutako proposamen artistikoaren bitartez.

Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kidea da dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea, eta argazki-zuzendaria, berriz, Juantxo Sardon Altuna, Pixeleko kidea. Musikaren konposizioa Igor Arroyo Regeirok egin du. Protagonistak, besteak beste, honako hauek dira: Arturo Elosegi, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako katedraduna; Jorge González, Biologian doktorea eta Desma Estudios Ambientales enpresako kidea; eta Miren Atristan eta Amaiur Esnaola, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak. Lanketa artistikoan, Agurtzane Intxaurraga, Myriam Pérez Cazabón eta Ainara Ortega aritu dira, beste batzuekin batera.

Hiriburuetan eta herrietan emanaldiak
Martxoaren 10ean, osteguna, estreinatuko da Donostiako Trueba zinema-aretoan. Lehen emanaldia arratsaldeko 19:45ean izango da, eta sarrerak salgai daude. Gasteizen ere ikusi ahal izango da, martxoaren 17an, eta Iruñean ere bai, apirilaren 7an. Tartean, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere izango dira emanaldiak: Arrasate, Errenteria, Bergara, Lintzoain, Lezo, Ardanaz, Urrotz... Emanaldien agenda webgunean kontsulta daiteke.